Ez naiz Gabon zalea. Ez da familia jasanezina dudalako, ezta kontsumismoaren zurrunbiloan itotzen naizelako ere. Ez da nostalgia, eta ez da argiteriaren kutsadurak kezkatzen nauela. Ez da senideekin jan beharraren obligazioa edo gorputzarekin eta elikadurarekin eduki dezakedan nahasmena. Ez da hamaika bider errepikatu behar dudala abstemioa naizela, bestela ere ohituta nago. Berez, zorteduna naiz, eta oso eskertuta nago, egia esan. Barrurago dagoen zerbait da. Terapia urte batzuen ostean ondorioztatu dut derrigorrezko zoriontasuna dela gakoa. Badirudi guztiok egon behar dugula pozik jasotako opariekin, euforiaz blai lagun eta laneko afarietan, zoriontasunak eta kubatek mozkortuta bi astez xanpainaren aparretan kontzientzia erabat galdu arte.
Gordin eta soil: derrigorrezko zoriontasunaren arazoa da nirea. Baina derrigorrezko zoriontasuna performatzera behartuta zaude zu ere osabak haragia zergatik jaten ez duzun galdetzen dizun bakoitzean, edo txikitan zutaz abusatu zuen lehengusu zaharrenaren ondoan afaldu behar duzunean, edo amonaren ahizpak esaten dizunean hainbeste turroi ez jateko gehiago gizenduko zarelako, edo galdetzen dizutenean ea orain nobia duzun eta «joe bisexualek ez duzue aukerarik galtzen» esaten dizutenean, edo kexatzen direnean larrialdi klimatikoaren gaia ateratzen duzunean, edo alabari gustuko jostailua erosi ezin diozunean. Zoriontasuna performatzera derrigortuta dago, halaber, Amin, eskolara itzuli eta Olentzerok zer ekarri dion asmatu behar duenean, edo depresioak jotako lagunak Instagramera argazkiak igo behar dituenean.
Derrigorrezko zoriontasunaren errefuxiatuak. Hala izendatzen gara lagunartean. Urtarrilaren batero dugu zita, bazkalorduan, eta etxez etxe aldatzen joan gara orain arte azken sei urteetan. Aurten hainbeste gara, ezen elkarte batean hartu behar izan dugu mahaia. Eta ni, antzerkirik egin gabe ere, pozik egia esan.