Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Fikzioak

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Olivia Sudjic da mintzo, antsietatea hizpide: «Guztia ongi zihoalako plantak egin, eta hasierako planari eusteko erabakia hartu nuen. Oreka itxuratu, fikzioa errealitate bihurtu arte». Norberak ahalik eta sinesgarrien kontatuko dio bere buruari kontatu beharrekoa, hain kaltetua den osasun mentalari eusteko ustean, besterik ez bada.

Gure larruan sufritzen ez duguna ez dugu erabat ikusten. Berdin balio lezake horrek azaroaren 25ean, Euskaraldian eta birus aroan. Hasieran osasun langileak txalotzen genituen, gero ohartarazi ziguten garbitzaile eta banatzaileek ere asetzen dituztela gure beharrizan minimoenak, eta orduan haiei ere txalo. Eta itxaropen izpi bat piztu. Orain ez diegu entzun ere egiten, are gutxiago beste itxialdi bat eskatzen dutelarik. Irratia itzaltzen dugu, kitto.

Haize indibidualista batek jota, zaintza astun, desatsegin eta garesti bihurtu zaigu. Norbaiten edo zerbaiten arta hartzea, noski, ez da beti jai; hainbatetan, gainera, zaintzaren profesionalizazioa ere beharrezkoa da. Oro har, zahar, ume eta gaixoekin lotu dugu, gizarteko ahots isilarazi horiekin —(erre)produktibo ez direnak, bidez esanda—, eta horretara mugatu. Ahaztu zaigu albokoari kalterik edo ezbeharrik gerta ez dakion elkarri begiratzeaz ari dela finean. Norberari ere on egiten dion ariketa politiko izatetik, norberaren askatasunak mugatuko dituen jardun izatera eraman dugu. Enpatia eskatzen du —zentzu politikoan, ez soilik humanoan—, eta nahitaez askatasun indibidualaren parte bat ematea —baliabide materialak, denbora— guztion askatasunen alde. Ez dator bat, noski, ideia neoliberalekin, eta mugak ezartzen ditu minari lekurik egin nahi ez dion gizarte hedonistan.

Bistan da Olivia Sudjici ez ziola planak luze iraun. Norberaren fikzioak sarri ez baitu ondokoenarekin bat egiten. Orduan azalarazi beharko lukete aurrez antolaturiko zaintza sare ikusezinek. Ikusteak, kasu honetan, ez baitu begiekin zerikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.