Karpeta beltzak pilatuta ikusi duzu Donald Trumpen mahaia, marrazki bizidunetakoa dirudien errotuladore beltz handi bati lotuta tiranoa, eta komikietako traza duen sinadura esajeratu bat, eta memeetarako iturritzat hartu duzu eszena. Berriz presidente denetik lehena da, baina antzeko keinu histrionikoz hain betea da haren orain arteko ibilbidea, dagoeneko ezin baituzu beste inola irudikatu. Aspaldi pentsatu zenuen harritzeari utziko zintuela, baina hain da dena esajeratua, hain Ameriketako telebista show baten itxurakoa, kostatzen baitzaizu egiazkoa denik sinistea ere.
Banaezinak dira haren politika eta haren pertsonalitate eszentrikoa. Are, olatu erreakzionario berri baterako kokaleku ezin hobea dira haren ateraldi surrealistak, fikzioaren eremu lanbrotsuan kokatzen dituztelako politika atzerakoienak, non ez dakizun ongi dena erreala den, edota edukirik gabeko eszenifikazio hutsal eta mediatiko bat. Horregatik gertatzen zaizu pelikuletan bezala, fikzioarekin kontratu bat sinatzen duzunean bezala, ikusi bitartean onartu bai, baina gerora ikusi duzuna erreala ez dela asumitzen duzula. Horregatik egiten duzue kuadrillan berataz barre, horregatik elkarbanatzen dituzue sticker-ak, hondo-hondoan ez dizula eragingo sentitzen duzulako, edota, izan zela behin presidente, eta ez zitzaizula bizitza batere aldatu. Pentsatzen duzulako Mendebaldeko demokrazia kapitalistek badutela autoerregulatzeko halako berezko joera bat, non faxistena faxista izan daitekeen hautagai den bitartean, baina behin agintean, statu quo-a ez den hainbeste mugitzen.
Kontua da, espektakuluaren laino hori altxatzean, azalera itsatsita agertzen direla ur tantak, dena zipriztindu duela agenda ultraeskuindarrak, eta orduan, epaile batek Elisa Mouliaa modu misoginoan galdekatzen duenean, edota poliziak zure hirian pertsona arrazializatu bat atxilotzen duenean, konturatzen zarela zein eraginkorra den faxismoaren estrategia, fikzioz mozorrotuta doanean bereziki.