Istiluz hutsik eta poliziaren oldarrik gabe joan da aurten sanferminetako egun handiko prozesioa, eta iruindarron artean komentatu da udal gobernutik bultzatutako eta, azkenerako, aho batez onartutako elkarbizitzarako manifestua. Kuria kalean zeuden begirada guztiak, eta agian horregatik ez ditu ia inork ikusi (nahi izan) ibilbidearen beste toki batzuetan alkateari jaurtitako irainak. Kontuak kontu, istilurik ez, baina «UPN kanpora!» oihukatu izana aireratu du prentsa eskuindarrak lau haizeetara, baina bat jarri beharraren beharraz. Eta garai bateko festa bai, politika ez oihu usatua etorri zaizu zuri burura.
Egia esatera, ez zaizkizu zuri bururatzen festak baino gauza politikoago asko. Eta, agian hobekien ezagutzen dituzunak direlako, baina sanferminak baino politikoagorik, gutxi. Politikarena, kontzepzio puruenean: gizarte antolaketarenean, esanahi antropologikoenean, publikotasunaren esangura oinarrizkoenean, denoi dagokiguna. Sanferminetan bat datoz belaunalditik belaunaldirako erreferentzien transmisioak eta beste herritarrekiko gune konpartituak. Sanferminetan milaka txanda antolatzen dira peña, elkarte eta txosnetan, eta egituratzeko forma ezberdinak bilatzen ditu komunitateak. Eta sanferminetan, onerako edo txarrerako, ispiluan islatzen da Iruñeko berezko idiosinkrasia politikoa —bere gune markatuekin eta kritika politikorako pankartekin—, eta indarrez ageri da gizartearen egiturazko botere harremana, zeinean batzuei esker gozatzen dugun besteok festa.
Hori dena politika da. Eta beraz, festa bai, politika ez esatea bezain absurdoa litzateke elkarbizitza kritika eta ekintza politikorik ezarekin konfunditzea.