Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Familia

2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Betidanik kontzeptu honek, alegia, familiarenak, arazo asko eman dizkit. Oso txikitatik jakin izan dut egiturarik gabeko —«desestrukturatua» dagoen— familia batetik natorrela. Horrela esan ohi dute gorputz eta ahots kontserbatzaileek: estrukturarik gabeko familiak. Nik nahiago izan dut beti estrukturarik gabeko familia horietako bat izatea. Pater familias ereduaren bitartez egituratzera behartzen gaituzte; eredu hori oso arkaikoa da, eta ez du islatzen egun pertsonok bizirik irauteko sortzen ditugun giza taldeen errealitatea. Egitura normala duen familia horrek krudelkeria eta min handia ekarri du mundura, eta askok beste eredu batzuen bila ihes egin dugu kanpora, gure arteko loturak birdefinituz. Familia birdefinitu diodanean, ez naiz ari ama eta aita izan beharrean bi ama edo bi aita izateaz, familia bera ondo astintzeaz ari naiz. Zergatik da hain hertsia familia eredua?

Aurreko astean ospitalean izan gara gure osabarekin. Denek galdetzen zuten: «Zuen aita al da?». Informazio eske joaten ginen bakoitzean, galdera bera. Guretzat, osaba aita baino askoz gehiago da, guretzat osaba aita da. Galderari «osaba» izenarekin erantzuten nuen bakoitzean, segituan zuzentzen nuen neure burua, «aita ere bada». Medikuek segituan erantzuten zuten gehiago galdetu gabe, soilik harridura keinu txiki bat eta kito. Baina galderak, etengabeko prozedura horrek, familia normatiboaren arauak ekarri dizkit burura. Berriro ere, txikitan sortzen ziren galdera berak, normaltasunez botatzen diren galdera horiek, intentzio txarrik gabeko galderak, bai. Baina, aldi berean, gure egituren indarra eta sendotasuna zalantzan jartzen dituzten galderak ere badira. Pertsona asko ditut nire ondoan, odol berekoak ez direnak, baina familia direnak, familia politikoa. Horiek dira gure egiturak, gogor astindu gaituen familia horren alternatiba sendoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.