Maiatza zen, 1978koa. Seaskak diru behar gorrian, goi mailako futbol partida antolatu zuen. Baina Baionako auzapez Henri Grenetek betoa ezarri zuen partida joka ez zedin «manifestaldi politikoa» zela argudiaturik. Zorionez Donibane Lohizuneko Arin Luzien taldeak bere babesa eman zuen eta partida jokatu zen, Reala eta Bastiaren artean.
Ondoko urtean gisa bereko partida antolatzen saiatu ziren, Athletic eta Nantesen artean. Baina Batallon Vasco Espainolek euskal errefuxiatu bat hil berri zuen Angelun, eta egoera gori-gori zegoen. Baimen guziak lorturik ere, Frantziako Barne Ministroaren aginduz debekatu zuen matxa Paueko prefetak «ordenu publikoko liskarren arriskua» aitzakiatzat harturik. Partidaren egunean eta tenorean, ehunka jende bildu zen Baionako futbol zelai aitzinean, eta suprefeturaraino luzatu zen manifestazioa makilaz eta gasez desegin zuten CRSek. Baina temati, ondoko urteetan ere partidak antolatu zituen Seaskak, Reala eta Athleticen laguntzarekin.
30 urte berantago, astelehen huntan, tradizioa berreskuratuko du Seaskak. Baina denborak aldatu dira. Kanpoko talderik ekarri gabe, euskal futbolaren festa izanen da, 18:00etan Donibaneko Kexiloa zelaian, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko futbolari ohien selekzioak elkarren kontra arituko baitira. Parez pare, baina denak musu truk euskararen alde. Bide batez Jose Angel Iribar eta Xabier Esposito jokalari eta entrenatzaile handiei omen egiteko aukera izanen da.
Bittor Alkiza, Kuko Ziganda, Joseba Etxebarria, Ismael Urzaiz, Iñigo Idiakez eta beste hainbat izen handi izanen dira Hegoaldeko selekzioaren lerroetan. Hau zafraldia emanen digutena! Ipar Euskal Herriko taldean ere, Iparraldeko klubetan aritutako izen handiak izanen dira, baina bi eskas nabarmen izanen dira : Bixente Lizarazu eta DidierDeschamps. Jokatzeko gonbita ukan dute, baina ez dute erantzun. Hobe ezer ez gehitzea...
Larrepetit
Faltako direnak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu