Athletic eta Schalkeren arteko futbol partidaren bezperan jakin genuen Ertzaintzak segurtasun-neurri handiak ezarriko zituela «norgehiagoka normaltasun osoz egin zedin». Astebete lehenago, Herrizaingo Sailak lau haizeetara zabaldu zuen Manchester-en aurka jokatuko zen partidari begira «futbol-jokaldi batengatik inoiz martxan jarritako segurtasun-dispositibo handiena» izango zela. Harro egoteko arrazoia da, antza denez, horrelako polizia-hedatzea egin ahal izatea; hori —eta gehiago ere— egiteko baliabideak ditugu eta.
Ez da denbora asko oposizioko alderdi gehienek Legebiltzarrean eskatu dutela EAEko Polizia agenteen kopurua murrizteko. Europan, Zipreren atzetik, polizia dentsitate handiena duen herrialdea da Euskal Herria: sei polizia 1.000 biztanleko, Europako Batasunak gomendatuaren hirukoitza, hain zuzen.
Lehengo ostegunean, Athleticen futbol partidaren ostean ertzainek jaurtikitako pilotakada batek hil zuen Iñigo Cabacas gaztea. Ondoren, herritar askok eta hainbat talde politikok eta sindikalek gogor gaitzetsi dute Ertzaintzaren jokabidea, eta erantzukizuna eskatu diote Herrizaingo Sailari. Jarraian, Cabacasen heriotza «eskrupulurik gabe politizatzen» ari direla esan du sozialisten bozeramaileak. Eta, hildakoaren kuadrillakoen hitzak ekarriaz (lantokian behin betiko kontratua nahi zuen militantziarik gabeko mutil bat besterik ez zela, kirolaria, taberna batean bere taldearen balentriak ospatzen ari zena...), «erabilera politiko lotsagarria» salatu dute komunikabide ezagun batzuek.
Hiru milioi biztanleko lurralde batean 18 mila polizia baino gehiago egotea erabaki politikoa ez balitz bezala.
Futbol partida baten egunean ehunka ertzain, armak eskuetan, kalean hedatzea politika ez balitz bezala.
Gure herrian etengabe egiten diren Poliziaren indar-erakustaldiak ekintza politikoa ez balira bezala.
Larrepetit
Eztabaida politikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu