Maiatza badoa, eta betirako galdutako maiatzak bezain zaharra da dena hemen. Bisonte bi eta zaldi buru bat agertu dira Lekeition, ez itsaso zuloan, beti jendea ibili den koba batean baizik. Hantxe egon dira milaka urtez, non eta, herriko umeek olgetarako, Barandiaranek eta Aranzadik gure hezurrak imajinatzeko azterkatu zuten Lumentzako aterpean. Whatsapp zoragarri bat heldu zait aurkikuntzaren harira: «kontua da orain denok dakigula non bizi diren eta ez dutela gehiago ezkutatu nahi». Edgar Allan Poeren Gutun ebatsia etorri zait gogora. Gauza bat ezkutatzeko ez da begi-bistan uztea bezalakorik.
Azken egunetako albisteetara kuku egin eta, horrela sortu zait zalantza, ez ote zen Poe gutaz ari. Ez noski ardoraren ordez bisonteak margotu zituzten haietaz, ezpada gaur egungo gizon-emakumeez eta geure irudi totemikoez, erdi miraz, erdi beldurrez margotu ditugunak gogoan.
Eta hala nabil, ez ote zuen Poek ikusi zulo txiki batetik gure maiatz hau, etorkizunean proiektatua. Maiatz ustel hau, memoria historikoaren legeari kakazotz egin eta Iruñeko hagintariek (bai, aldatu behar genioke grafia behingoz) America 66 errejimenduari egin omenaldiarekin loratu nahi izan dutena. Gure maiatz hau, geure Coca-Cola, prentsa zornatu, gezur ageriko eta McCarthy guztiekin. Gure mayo cornudo castrado hau, Sestao guztietako alkate guztiak ahalegin betean erakutsi nahian non dagoen gordean gaitza (etorkin, pobre, lapur, bada alderik ala?), a zer estiloa, «herritik ostiaka atera beharreko» horiek. Ezinbesteko Poe. Nolatan asmatu behar genuen, zuk ez esatera, begi-bistan izan ditugula beti?
Begi-bistan gizaldiz gizaldi erdi miraz, erdi beldurrez margotu ditugun gure totemak, politika irudi eginak. Orain, inoiz nahikoa eskertuko ez diodan lagunak esaten zidan bezala, «gehiago ezkutatu nahi ez dutenak».
Zertarako disimuluak, botoak ematen baditu.

Larrepetit
Ezkutaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu