Bizitzan gauzak espero edo nahi bezala doazkionaren baikortasuna eta bi urratsez behin estropezu egitera behartua dagoenaren ezkortasuna ez dira benetakoak. Baikorra ezagutzen da estropezu egiten duen unean eta ezkorra, aldiz, beti iristear den trabaren atarian. Eta ahaleginak ahalegin, baikorra baikor izango da hilzorian, eta ezkorra ezkor, zorionean ere.
Gauza tristeago gutxi ezkorra baikorrarena egin nahian baino. Ze, saia liteke. Ongi ikusia dago saiatzea. Ez da nahi alboan bi aukeren artean beti, salbuespenik gabe, txarraren alde egiten duena. Eta berdin dio bi bideak zer izan. Mediku proben emaitzaren zain dagoen baikorrak itxaropena izango du. Ezkorrak, apenas. Txarrena noiz etorriko. Emaitzak jaso ondoren, baikorra poztu egingo da; ezkorra ere bai, jakina, baina beti geratuko zaio zalantza. Ondo sentituta ere, ezkorra hurrengo albiste txarra irudikatzen hasiko da. Eta horrela, edozerekin. Izan ikasketak edo izan oporrak. Medikuek lotsarik gabe esaten dute izateko baikor gaitzik larrienaren aurrean ere. Lagungarria dela. Pentsatzen hasita nago ez ote den euren lana eramangarriago egiteko.
Kutsakorrak zirela uste izan dut denbora askoan. Biak. Espejismoa da. Denbora epe oso laburra irauten du kutsadurak. Eta denbora askoan uste izan dut zortea dela baikor izatea eta zigor ezkor izatea. Orain ez nago hain seguru. Mundua orokorrean, eta gurea bere txikian, ze itxura patetiko hartzen ari den ikusita, ezkorrak prestatuago gaude egunerokoari aurre egiteko. Baikorrari burutik sekula pasatu ez zaizkion errealitateak irudikatuak ditugu iritsi baino lehen. Are gehiago: errealitateari sekula bururatu ez zaizkion egoerak ere irudikatuak ditugu dezentez lehenago. Eta horrek, ez du ezer asko laguntzen bizitzen. Zer esanik, gustura bizitzen. Baina momentua iritsitakoan ez gaitu, gutxienez, izoztuta uzten.
Larrepetit
Ezkortasunetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu