Ander Perez Argote

Ezkerra lokatzetan

2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Hondamendiak etorri behar izan du —ura, lokatza, hildakoak eta desgraziak— hondakinen artetik ezkerra agertzeko. Bai, badakizu askok ez diotela hala esango —ezkerra—, eta gehienek sen onaren aterkipean azalduko dutela Valentzian katastrofearen ostean bizitakoa. Baina, bertan agertutako balio eta jarrerei erreparatuz gero, ez dago dudarik: olatu komunitario erraldoi batek busti ditu Valentziako herriak, beste olatu erraldoi batek, naturarenak, herri horiek ito ostean. Eta bai, izango ziren gertakariei errezeta erreakzionarioekin erantzuten saiatuko zirenak, baina komeni da pixka bat harago begiratzea, ultraeskuinaren mehatxuak beste dena ikustea galarazterik ez badugu nahi, behintzat.

Zeren eta osagaiak ezkertiarron programa bat betetzeko adinakoak dira: elkartasuna, borondatezko lana, ikuspegi komuna, auzolana, herriaren autoantolakuntzarako gaitasuna, zerbitzu publikoen aldarrikapena, bizitzaren defentsa lanera joateko betekizunaren gainetik —supermerkatu jabe handien seinalatze eta guzti, bizitzen gainetik etekin ekonomikoa lehenesteagatik—, klima aldaketaren halabeharrezko kontzientzia, zapaldu-elite eskemaren azaleratzea —«zuri urik ez zaizu falta» oihuak Espainiako erreginari—, edota Zara bat garbitzeari uko egitea, kaleak eta eskolak eta etxeak eta adinekoen egoitzak lohiz beteta dauden bitartean.

Eta bai, badakizu nola ez ba? esango dizutela, saiatuko direla gizakiaren berezko elkartasunerako joera azpimarratzen, eta halako kasuetan politika alde batera uztea komeni dela argudiatzen. Baina, bitartean, indibidualismorako eta herritarron arteko lehiarako kultur sistema oso batek erasotzen digu, egunero-egunero. Eta mehatxuak salatzea bezain garrantzitsua da lorpenak nabarmentzea ere. 

Ezkerra irabazle agertu da lokatzetan. Ateri denean ere nola irabazi da erronka, hegemoniko izateko ez dadin hondamendirik behar izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.