Iñigo Aranbarri.

Ezjakintasunaz harro

2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohartzerako, amaraunean preso leitu dut Iztueta Pablori Iztueta Ibaik azken Jakin-en egin dion interbiu luzea. Kultura transmisioaz ari dira aita-semeak, irakasle erretiratuak tapa dioenean erdal lerroko ikasleek hobeto hartzen zutela gelakoa euskarazkoek baino: «Esango nuke destaina zela nagusi. Eta harrokeria». Harrokeria?, elkarrizketatzaileak. Eta bai: «Kulturarekiko halako... Ez dakit eta ez zait axola... Erakutsi nahi zitzaienaren gainetik baleude bezala, interes falta, ez dakit».

Tysonen muturrekoa da Iztuetaren baieztapena. Ez da aski salatzea egiturek sistematikoki gutxiesten gaituztela, berez garela biktimak. Iztuetak urrunago darama auzia, edo gertuago. Alegia, transmisioaren gaian, eta orokorkeria guztien zakarra kenduta, euskalduna bera dela sarriro uko egiten diona jakiteari.

Aukerak izan eta ezagutzari atzea nahita ematea ez da ohikotzat hartu orain arteko eskema idealizatuan. Euskararen mundutik dena dagoenean egiteko, borondate erantsia espero da menostuaren aldetik. Edo hala izan da orain arte. Beste zapaldu askok bezala, gehiago ikasi, gehiago jakin, gehiago dena etorkizun justuagoa iristeko. Baina euskalduna ez da, berez, bestelakoa. Munduan bizi da eta ez zaio arrotz inguruan gertatzen dena. Analfabetoa naiz eta harro nago. Ez dut transmititu nahi zaidan horren beharrik euskalduna izateko. Ez dut batuaren beharrik euskaraz nonahi egiteko. Pribilegiatu ororen antzera, aski dut sehaskak eta inguruak eman didatenarekin.

Erdaldunen aldean, euskaldunak «erakutsi nahi zitzaienaren gainetik baleude bezala»...  Eskerrak Pablo Iztuetak esan duen. Fernando Savater izan balitz aspaldi bota genuen Bermeoko portura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.