Blanca Urgell
LARREPETIT

Ezetz bilatu

2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ingelesezko hitz luzeena Pneumonoultramicroscopicsilicovolcanoconiosis eritasuna omen da, 45letrakoa, baina marka guztiak hausten ditu «Titin» delako proteinak. Oro har, proteinak osatuta dauden gai kimikoen izenak elkarrekin bilduta izendatzen direnez gero, gure Titinek nolako tamaina halako izena jaso du, 189.819 letrakoa, osoki esateak 3,5 ordu hartzen omen dituena. Alabaina, honelakoek deus gutxi balio dute hizkuntza arteko konparaketa egiteko.

Alemanak iaioak dira honetan, ezagun denez: Rechtsschutzversicherungsgesellschaften 'babes juridikoko aseguru-etxeak' (39) bezalakoak barra-barra dituzte eta asma ditzakete. Fidantzia behar da norbere indarretan (bai eta guk baino marratxoari gorroto gehiago).

Interneteko bilatzaileak ez dit ingeles, aleman, espainol edo frantsesaren araberako erantzunik eman euskaraz, Azpilikuetagaraikosaroiarenberekolarrea leku-izena (40), eta gero eratorpenezkoak ez diren atzizki segidak dituztenak baizik: konstituziokontrakotasunarekikoetan (35) eta bederatziehungarrenarenganainokoak (34). Beraz, euskara homologatzekotan, geuk bilatu behar.

Lehen hurbilketa honetan, esan nezake 12 letrako hitzak ugari ditugula (abarkagintza, abelazkuntza, abeltzaintza, abertzaletze, abstinentzia, adarrondotsu, adbertsatibo, adierazgarri), 13koak (abantailatuki, adierraztasun) eta 14koak bakanago (abertzalekeria, abertzaletasun), eta laster agertu zait 15eko bat ere (adierazkortasun). Denak elkartu edota eratorriak dira, edo maileguak, eta denak maila bateko hitzak, nahiz garai guztietakoak, lapurtera klasikoan hasi (XVII. mendea), Larramendiren hiztegitik (1745) eta Maurice Harriet-enetik igaro (1850-1860?), eta Sabino Aranaren idatzietan (1896) buka, hau da, euskararen normalizaziosaio garrantzizkoenei lotuak.

Ikasleen azterketak zain ditut eta, ezetz bilatu zuk, irakurle,15 letra baino gehiagoko hitzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.