Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Ezaguna, errutina, segurtasuna

2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Autismoaren inguruko bideo bat ikusi dut egunotan. Bertan hiru gaztek autismoa nola bizi duten agertzen da. Haien hitzetan edota senitarteko eta lagunen hitzetan ezagutu dezagun. Zelan edo halan denok haien bizipenen parte izan gaitezen. Nola usaintzen duten kontatuko digute, nola ikusten duten, nola sentitzen duten. Zer den jende asko dagoen leku itxi batean bat-batean bertako soinu guztiak batera entzutea, bolumen berean eta minik ez hartzeko eskuak astindu behar hori, norbere ahotsa entzun behar hori. Zer den erdikoa bakarrik ikustea, edota ertzak bakarrik, edo bikoitza ikustea. Zer den usain batek min ematea. Zer den norbaitek kasualitatez ukitu eta deskarga elektriko baten kolpea jasatea. Zer den arroparen etiketak horrenbesteko kaltea egitea. Batzuei horrek guztiak ematen die min, eta beste batzuei bakar batek edo bakar batzuek. Eta, batzuetan, leku publikoetan, min horiek guztiak elkartzen dira. Berbaroa, usainak, argiak... Eta nola lasaitzen dituen errutinak, nola heltzen dioten errutinari. Erosoak dira errutinak. Edota ezaguna duten objekturen bat eurekin izateak ematen die lasaitasuna.

Mundua ikusteko era berezi horrek zenbait arlo besteek baino gehiago garatzera eraman ditu. Batzuk, adibidez, ia dena iruditan ikusten dute eta sekulako memoria fotografikoa dute. Beste batzuek, ordea, dena patroi batzuen arabera ikusten dute eta matematiketan apartak dira. Historialarien arabera, autistak omen ziren Newton, Picasso, Michelangelo edota Mozart.

Kuriosoa da errutina, ezagunak ematen duen lasaitasun hori dela era berean haien etsairik handienetako bat. Ezezagunari beldurra, ezezagunak sortutako mespretxua. Horregatik gura dute guk ezagutzea.

Bakarrak izate horrek egiten gaitu denok garena eta, hala ere, desberdina dena baztertzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.