Soldata gero eta gutxiagorako ailegatzen zaizula eta lehen egiten zenituen bidaiak kendu behar izan dituzula? Ez zaitez kexatu! Badaude hori ere ez dutenak.
Lana pilatzen zaizula eta ezin bukatu ibiltzen zarela lantokian egin diren lanpostu murrizketak direla eta? Ez zaitez kexatu! Beste toki batzuetan okerrago dabiltza aspaldidanik.
Zure herrian edo hirian bizitzeko alokairu bat ordaintzeko adina ematen ez duen lansari ziztrin batekin eutsi behar diozula hilero-hilero bizimoduari? Ez zaitez kexatu! Beste batzuk lanik gabe daude eta.
Lanik gabe geratu zarela eta langabezia-sariarekin ezin zarela moldatu etxekoen gastuak ordaintzeko? Ez zaitez kexatu! Beste langabe batzuk dirurik jaso gabe bizi dira jada.
Baina, nola ausartzen zara gehiago eskatzen? Ez dakizu krisi erraldoi batean murgilduta gaudela? Enpresek ez dutela saltzen? Bankuen irabaziak txikiagoak direla orain? Ez dakizu soldatapekoak ez direnek ez dutela ia irabazten? Irakurri besterik ez dago: EAEn bertan, lanekoen herena besterik ez da enpresariek eta profesionalek deklaratzen dituzten irabaziak. Eta horrez gain, Europan batez beste biltzen dena baino 10 puntu gutxiago besterik ezin dugu jaso gure lurraldean, ez ditzagun hondatu errenta altuenak. Berezikizaindu behar ditugu. Zer gertatuko litzateke aberats guztiak beste norabaite joango balira?
Nola ausartzen zara lan-baldintza duinak eskatzeko pankartaren atzetik joaten? CEOEko presidenteak berak esan du Espainian puri-purian dagoen krisiari aurre egiteko urte batzuez luzatu behar dela herritarren esfortzua. Eta bistan da lan errentak direla ekarpena egin behar dutenak. Nor bestela?
Ez zaitez axolagabea izan. Beste langile gehienek bezala, urteak pasatu dituzu ahal zenuena baino gehiago gastatzen, ekonomia egoera honetara ekarri arte. Orain ez zaitez kexatu! Arduraduna zu zara eta.
Larrepetit
Ez zaitez kexatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu