Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ez da Marlaska, kapitalismoa da

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Sarritan gertatzen da, halako batean gertakizun latz bat dago eta ia aho batez, gizatiarra sentitzen den orok bat egiten du gertakizuna arbuiatzen. Gizaki sentitzen den inork ezin du justifikatu giza eskubideen urraketan curriculum zabala duen Grande-Marlaskak zuzendutako institutu armatuak 2022ko ekainaren 24an Melillako kolonian egin zuena. Marlaskak esan zuen «ez da egon hildako bakar bat Espainiako lurraldean». Orain irudi luke, Espainian ere hil zirelako, poliziak hildakoak ostera biziko direla-edo.

Auzia, ordea, mugen existentzia da, eta horretan bat egiten dute Madrilgo Kongresuan (eta Europako gainontzeko parlamentuetan) ordezkatuta dauden alderdi ia guztiek: mugak beharrezkoak dira. Ñabardurak dauzkate poliziaren armekin, kopuruekin, hesiaren neurri eta materialekin... baina inork ez du proposatzen muga horiek guztiz irekitzea. Eta hor dago behe lainoan tragedia: eskuinaren eta ezkerraren artean bada alde estetiko bat, baina biak daude migrazioa kontrolatzearen alde, hautatzearen alde. Gutxiago daukana seinalatzen dute ekoizpen baliabideak dituena seinalatu beharrean. Muga, gauza askoren artean, ia ezker osoak eusten duen baliabide kriminal bat da, sinisten duelako aberatsenen menpe egonda, munduko desjabetuenen kontra egonda izango duela duintasun material bat bertako azken-aurrekoak.

Bertolt Brecht-ek idatzi zuen zergatik kolpatzen dituen Ertzaintzak metaleko grebakoak eta zelatatu gazteak, zergatik hiltzen duen Guardia Zibilak jendea Melillan, zergatik kontrolatu behar den migrazioa: «Gure kontinentea basakerian lurperatzen ari da produkzio bideak jabetza pribatuak kontrolatzen dituelako. Zertarako balio du basakerian lurperatzen ari garela esateak, ez bada argiki esaten zergatik gertatzen ote den? Produkzio bideen jabetza pribatua mantentzeko torturatzen dute». Horregatik torturatzen dute jendea mugetan etakomisarietan, horretarako existitzen dira mugak eta polizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.