Iñigo Aranbarri.

Ez begiratu gora

2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Loterian fedea baduzu, albiste pozgarria duzu hau: asteroide batek Lurra jo lezake 2032an. Eta diotenez, gabonetako zenbaki dontsuak baino askoz aukera gehiago du, kasu honetan berak gu, bete-betean asmatzeko.

Seguru nago, nik neure artean, honezkero munduko erresuma boteretsuenak hasi direla astrofisikariak eta militarrak mahai handi batean biltzen, ikusteko nola desbideratu asteroidea bere orbitatik, nik zer dakit zer kohete ultrasoniko nuklearrekin. Hala gogoratu dut badela film bat barrena, ez hain aspaldikoa, justu aldarte horretan jar gaitzakeena.

Dont’ Look Up du izena. Zientzialari talde batek kometa batek lurra joko duela aurreikusirik, Estatu Batuetako presidentearengana doaz gaztigu ematera. Alferrik. Hedabideetara orduan. Beste horrenbeste. Inork gutxik sinetsi nahi du zer datorren. Astrakana giza kondizioaren erakusgarri da: politikari ergelak, kazetari friboloak, magnate ustelak, negazionista itsuak… Eta hor dator kometa, zuzen-zuzenean. Azkenean, joko duela ikusirik, eliteak Lurretik ihes egingo du Noeren nabe musktar batean. Anartean, kaosa da nagusi nahinon. Zientzialariek elkarrekin afaltzea ebatzi dute, lagun artean solasean itxarongo diote inpaktuari.

Eta horixe erabaki ezinik nabilela, alegia, nola pasatuko ditudan azken une horiek, noren ondoan eta zertan, Faktoria hasi da Euskadi Irratian: «Baina esandakoa. Inor ez dadila larritu garaia baino lehen, Lurraren jotzeko aukera %1,5ekoa da eta erortzekotan Atlantikoko uretan edota Afrikan joko luke Lurra meteorito horrek».

Zuek ez dakit, baina ni ikaragarri lasaitu nau, jotzekotan, Afrika urrun eta espoliatuan joko duela jakiteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.