Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Ez adiorik, Claire

2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baiona Ttipiko etxeek hutsik dirudite. San Andres plazako lehen estaiko leihoan, ez da jada nehor ageri. Urte luzeetan Euskal Herriko bihotzaren taupadak sentitu diren auzoaren bizitzan lekuko diskretua izan da Claire Haran. Zenbat bizipen ez ote diren pasa bere begien aitzinean, izan Baionako besta, manifestaldi, gazteen gaualdi edo 80ko hamarkadako gertakari ilunak.

Haurrik ez izanki, familiatik eskuratu Hotel des Basques eraikina Euskal Herriari uzteko nahia argi zuen. Bere garajea sukalde bilakaturik, Miarritzeko ikastolak txipiroien ogitarteko famatuak prestatu izan ditu azken urteetan berari esker; eta ildo horretatik, eraikina Seaskari ematea deliberatu zuen. Argi baitzuen motor bat erregairik gabe ez zitekeela ibili.

Berak bultzaturik sortu zen, beraz, Seaska Emaitza Funtsa. Ordura arte, oinordeko zuzenik ez zutenen ondasunak Estatuaren eskutan gelditzen ziren, edo Elizari ematen, paradisua irabazteko bidesari gisa. Baina bere ekimenari esker Euskal Herriko osotik ondasunak eta bereziki dohaintzak eskuratu ditzakeen ikastolen fundazioa sortu zen. Gustukoa ez zuen Estatuari zergetan xentimorik ez emateaz gain, bere ondasuna euskara eta Euskal Herriaren zerbitzuko osoki ematea baitzen bere xedea. Eta berak irekitako bideak izan du ondorengorik ere, zenbait lagunek bat egin baitute, beren legatua ikastolen esku utziz, derrigorrezko diskrezio guztiarekin.

Orain bere ametsa errealitate bilakatzea izanen da ondorengo erronka, eraikina hezkuntza, gazteria eta euskarari loturiko proiektu bilakaraztea. Maleruski, goizegi joan da egindako lanaren emaitza ikusteko. Baina segur izan dadila, biziki fite, landatu duen zuhaitzak fruitu ederrak emanen dituela.

Hendaiako ikastolaren aldeko borrokak oraina eta geroa markatuko duen gisan, Claire Haranek ere ikastolen historian bere orrialdea izanen du. Ez adiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.