Zenbaitero zabaltzen da Baionako Avironen bideo bat, errugbi taldea garaipenen bat, igoera bat, denboraldi amaiera bat… Txoria txori abestuz ospatzen agertzen dena. Bolo-bolo hedatzen da hegoaldetarron artean, eta emozionatzen gara, zer dakit nik, Cadizko txirigota batean euskaraz kantuan entzuten dugunean hunkitzen garen bezala. Ni ere erortzen naiz tranpan edo exotismoan, eta nire lagun lapurtarrei bidaltzen diet notizia, pozarren. Azkenekoz Ziliport Instagram kontuko argitalpen batekin erantzun zidaten, eta ikusi nuen nola kontuak Basquewashingsariak banatu zizkien Ipar Euskal Herriko hainbat enpresa, politikari eta erakunderi, euskara zuriketarako erabiltzeagatik. Adibidez, Avironek Txoria txori abestuko du, bai, baina Hegoaldekook akaso ez dugu jakingo errugbi taldeak zelaiko tribuna batzuei izena jartzean itzultzailea trakets erabili duela, eta urrea, zilarra eta brontzea beharrean, frantsesezko zilarra dirua-gatik itzuli duela Googlek. Kutrekeria bat da, noski, baina ez gara enteratu Cadiz bezain urrun dagoelako batzuetan Baiona.
Antzeko zerbait gertatu zait EEPk emandako azken albistearekin. Antza, egun Ipar Euskal Herriko eskolen %66k eskaintzen dute irakaskuntza elebiduna. A ze albiste zirraragarria! Gero ikusi dut Ekhi Erremundegi kazetariaren txio-haria, eta ohartu naiz oraindik ere euskaraz ikasteko hautua gutxi batzuek egiten dutela sistema publikoan. Baditut aukera elebidunean euskara irakasle diren lagunak, eta entzutekoa da haien bizipena ere.
Ez dut nahi, ordea, zinismoan erori, nabarmentzeko berria delakoan bainago, are gehiago ustez euskaraz eskaintza eman behar duen Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleok ez bagara gero hego zein iparraldeko gure ikasleei materiala euskara hutsean emateko kapaz. Kasu horretan, elebitasuna derrigorrezkoa da, baina euskararen kaltetan. Eta garbiketaz ari, Usurbil eta Astigarragako udal lan-eskaintzen kasua ere judizializatu dela ikusita, susmoa dut ez ote den ari garbiketa bere zentzu krudelenean gertatzen gure hizkuntzarekin.