nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Euskarazkoak soilik

2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Afaldu ondorengo tartetxoa izaten da alabarekin hizketarako hartu ohi duena; bi ahizpa txikiak oheratu berritan etxean sortzen den isiltasun lasaigarriak adoretuta edo, monosilabikoa ez den hizketaldia egiteko prest egoten baita nerabea. Irakurtzen ari zen liburua amaitu zaiola esan dio gazteak, hiru egunetan irentsi du. Amak esan dio asteburuan liburu azoka izango dela herrian eta bertan aukeratu dezakeela hurrengo irakurgaia. Begiak piztu zaizkio alabari eta, berehala, gustuko izango lituzkeen hiru aukera adierazi dizkio amari; hiruak espainolez. Ezezkoa segituan amak. Harridura aurpegia alabak. Azoka euskarazko liburuena soilik dela amak. Harridura bikoitza alabaren aurpegiak: «Zergatik egiten dute azoka bat soilik euskaraz, ama?».

Jon Benitoren hitzek emango diote irekiera bihar Literaturiari eta Peritz-Arana-Arana-Vargas laukotearen Azken oturuntza izango da asteburuko lehena. Egitarau oparoa dakar aurten ere euskal literatura sustatzeko helburua duen plaza honek: liburu-azoka, liburu-aurkezpenak, solasaldiak, eta emanaldiak. Bihar hasi eta igandera bitartean, literaturazale euskaldunak Zarauzko kaleetan elkartuko dira eta euskaraz sortutako edo euskarara ekarritako produktuak dastatzeko aukera izango dute. Euskarazkoak soilik. Euskaraz bizi den komunitatea indartu nahi bada, nahitaezkoa delako euskara hutseko kontsumitzaileak biltzea eta saretzea; euskal kulturak ere behar ditu arnasguneak. Beharrezkoa da euskarazko produktuen aniztasuna eta aberastasuna plazan ikusaraztea, gure kultur sistemari merezi duen lekua emateko eta baita euskarazko kultur sortzaileak sostengatzeko ere.

Hau guztia eta gehiago esango lioke amak alabari; baina, horren ordez, proposamen bat luzatu dio: asteburuan Literaturian murgiltzera gonbidatu du alaba eta igande iluntzerako jarri dute hizketaldiarekin jarraitzeko hitzordua; afalostean, sukaldeko mahaiaren bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.