Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Euskarazko izenak

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Gurasoak tematu ziren: Goizalde izan behar nuen; Miren, Maria edo Marie barik. Etxean beti kontatu izan da bai nirekin, eta baita neben izenekin ere, Euskaltzaindira jo behar izan zutela. Gure izenek espainieraz parekorik ez zutela erakutsi behar izan zuten. Beraz, etxean gorderik dut Euskaltzaindiaren agiria. Dagoeneko ohitu egin naiz nire izena errepikatzen, hizkiz hizki kantatu, esangura ematen ere bai. Ohitu eta aspertu. Espainiako Estatistika Institutuak duen webgunean diotenez estatuan 201 emakume gara izen hau daramagunak, Hego Euskal Herrian denak. Frantziako Estatistika Institutuan ere begiratu dut, baina orriak dio gutxiegi dagoela aintzat hartzeko.

Euskarazko izena baduzu, zelanbaiteko fiskalizazioa egingo dizute: zer esan nahi du? Nongoa? Zein mendetakoa? Eta gero esango dizute (neuri behintzat pasatu zait) ea zergatik ez duzun izen errazagoa, Patricia edo Beatriz bezalakoak. Behin Jabier izena zuen gizon bat ezagutu nuen, nire izena esan nionean atoan galdetu zidan esanahiaz. Bere izenaren esanahia esaterakoan adieraziko niola aipatu nion. «Nire izena santu bat da», erantzun zidan. Salbuetsita daude santuak, antza; esangurarik ez. Okerragoa da zure euskarazko izenak espainieraz parekorik badu. Gontzal bazara Gonzalo izango zara; Katalin, Catalina; Ander, Andrés. Batzuentzat soilik gara gazteleraz bagara.

Zinez opa diot Haziari (eta bere gurasoei) Euskaltzaindiaren agiria. Behin eta berriro azaldu beharko du hasieran H dela, eta Z hizkiz idazten dela. Ahaldundu beharko du, baina berarentzat hautatu zuten izena eramango du. Angustias edo Dolores izenak eraman zitzakeen. Ziurrenen, Gasteizko epaileari ondo begitanduko litzaizkioke izen horiek. Ez dakit zer gertatzen zaien Gasteizko epaile batzuei euskararekin. Zaila dela irizten du batek, Hazia ezin dela izena izan gizonezkoek isurtzen duten likitsa delako besteak. Gorrotorik ote? Gutxiespenik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.