Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Euskararen kontra

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Zarata dabil Twitterren eta ez du atertzeko jiterik. Urkullu lehendakariaren kontua da ostera ere jendearen atzamar muturrak berotu dituena. Ez, oraingoan ez da gazteleraz aritu delako, euskaraz eman duena aldrebes dagoelako baizik, aurreko bat zuzentzen hasita, bigarrenez ere oker: «Neurri horien helburua da koronabirusaren hedapenari etetea».

Ikaragarria dela esatera nindoan, baina normala da hitza. Erabat. Normala ohikoari deitzen badiogu behintzat. Eusko Jaurlaritzaren kontu ofizialak ordu batzuk lehenago: «Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du hartutako neurrien helburua gaixotasuna hedapena saihestu eta kutsatzea mugatzea dela». Gehiegi urrundu gabe, Osakidetzako afixa dut aurrean. Gizon bat ageri da mozala duela, esku-ahurra nire aurrean zabal: «Txertoa jarri. Aurten, inoiz ez bezala, gripetik alde egin!». Nola alde egin liteke inoiz egon gabeko toki batetik? Gaztelerazkoak ez du musurik zimurrarazten: «Aléjate de la gripe!». Zenbat milaka kartel atera dituzte? Zenbat begik irakurri dute inprentara heldu aurretik? Ez ditut bost metro egin. Radar Coviden jakinarazpena, euskaratu behar izan zelako hainbeste atzeratu behar izan zen harexena: «Ez dago identifikaturik kontaktu arriskutsu bat ere ez». Egun bakar bateko ontzurreak guztiak. Erakunde ofizialetan onduak denak.

Hobe dugu jatea. Murga etorri zait, eta Uriarte gero, euskarazko agerraldia amaitu eta arnasa lasai hartzen. Hau da gure benetako argazkia. Ez Euskaraldian, denak irri zuri, erakutsiko diguten hori. Hizkuntza ez dakien zuzendaria Euskal Telebistan. Benetako argazkian akatsa ez baita deskuidoa, ez da presak eragindako makurra. Aldarrikapen politikoa dute utzikeria. Euskara esan eta kode behartu bat ikusten baitute, ez hizkuntza horretan bizi den jendea.

Ikusten nago, geuk ekin beharko diogu euskararen kontrako kanpainari. Euskararen kontra, eta euskaldunen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.