Egunotan Adam Zawiszewski poloniarra ezagutu nuenekoaz gogoratu naiz. Artean, nik Goizean Behin irratsaioan egiten nuen lan. Elkarrizketa egitera zetorren Adam Zawiszewski, hain zuzen ere, euskara ikasi zuelako. Maite ditugu maite gaituztenak, eta are gehiago, benetan maite bagaituzte. Hizkuntza jakin-minagatik ikertu eta ikasi ei zuen euskara. Garai hartan Euskal Herrian bizi zen eta Amorebieta-Etxanoko barnetegian euskarazko klaseak ematen zituen. Ondo idatzi dut, bai, eman. Ez daukat ahazteko elkar agurtu ostean egin zidan galdera: «Zelan egingo dugu elkarrizketa, bizkaieraz ala batuaz?». To, no, ta eta naranai. Zur eta lur gelditu nintzen, zer erantzun jakin barik. Ordurako entzuna nuen euskal azentu perfektua zuela, bai bizkaieraz eta baita batuaz ere.
Ezagutzen ez duzun norbaitekin solasa hasi aurretik euskaraz ote dakien galdetzen diozunean, zenbatek erantzun dizu: «Ez naiz hemengoa». Guk, bertokoak izateagatik, RH negatibo berezia izan ez ezik, naturak gene berezia itsatsi izan baligu lez munduko hizkuntzarik zailena ikasteko. Demagun Finlandiara zoazela lanera, eta bertako norbaitek bere hizkuntza ba ote dakizun galdetzen dizunean «ez naiz hemengoa» erantzungo bazenio. Demagun Finlandiara heldu eta zure seme-alabek eskolan euskaraz ezin dutelako ikasi kexu agertzen zarela; zer gertatuko litzateke?
Euskaraldia ate joka dago, eta denok argazkian atera nahiko dugu, inork ez baitu euskararen arerio agertu nahi. Oraindik, euskarafobia, txarto ikusita dago; nahiz eta, tarteka, euskararen aurkako adierazpenak agertzen diren. Prestigioa behar du euskarak, marra gorriak ere bai, eta beste hamaika gauza.