Larrepetit

Euskara

urtzirrutikoetxea
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Argi utzi digute: Carrero Blanco da terrorismoaren biktima. Horixe udalez udal gaitzetsi beharko dena. Mozioaren bultzatzaileak faxista odoltsua izatea presidente ez da arazo, Gasteizko beharginak ez dira biktima. Delitu da Argalari omen egitea. Eta guk ikasi ezin, dena eman dutenei esker oneko jarraitzen dugu. Ez gara memoriatik bizi, baina presente daukagu hori, garen guztia deuseztatu gura dutenen aurrean. Kolonialismo harroputzenarekin, espainol elebakar, utzi gaituzte eskubiderik gabe euskaldunok berriz ere, egunik egun espainola euskal kontsumitzaileak eskubiderik ez daukala gogorarazi digute.

Larragan behintzat, ezkerrak du alkatetza, benetako sozialista bakanetarik. Maravillas Lambertek karrika izanen du herrian. Ez da egia inoiz ez dela berant, berantegi da. Baina Larraga uharte sozialista izanen da bederen, bere burua kuneteroei saldutako traidoreen artean, Iruñetik Sartagudara. Eman diezaiotela aurki karrika Larragako loretxoari, apologiagatik inork debekatu baino lehen. Ezker abertzalearekiko mesfidatienari ere goxatuko zitzaion aurpegia, horratik, Donostiako lehen urratsei begira. Badakigu urrats sinbolikoetatik haratagokoak direla zailenak. Baina sekulako aukera dago herri euskaldun eta errotik aurrerakoia posible dela erakusteko. Arazoa erdaldunak direla gogorarazi du Juan Karlos Izagirrek, «zinegotzi erdaldun bat heltzen bada, hiru aukera ditu: dimititzea, euskalduntzea edo euskaraz argitaratutako dokumentuak erdarara itzultzea, beti alderantziz egiten baita». Kosmopolitismoa Pirinioetatik Algecirasera doala uste dutenak hasi dira nabarmentzen «solo en euskera» egin dituela prentsaurreak. Baina ez dut erdal progrerik ikusi kontu eske 2011n selektibitatea espainolez sortu eta gero euskaratzen duten dinosauroei.

Euskara ardatz izango duen Europako Kultur Hiriburu nahi zaitugu. Oraingoz, gainean daukazu lupa espainola, baina baita erdal auzapezak jasan behar ditugunon inbidia hutsezko begirada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.