Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Euskara klase ertainaren mugetan

2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Duela hiru hamarkada, 1990ekoa hasterako, jo zuen goia proportzioan Nafarroa Garaian euskaldunen hazkundeak. Egonkortzea etorri zen gero, onenean. Derrigorrezko hezkuntzak euskalduntzen du funtsean (hamarretik zazpi lerro publikoak), euskaldun gehienak Iruñerrian daude, eremu euskalduna populazioa galtzen ari da (ez-euskalduna ere bai). Horraino demografia.

Baina bada beste eremu bat, misterioski ahaztua, euskaraz Nafarroa Garaian hitz egiten denean, eta da historia. Egiten da kontakizun hertsiki legalista bat, baina kontakizun horrek ez du Nafarroako kasuan ia ezer esplikatzen: euskarak jendearengatik egin du aurrera Nafarroan, ez legeengatik. XIX. mende hasieratik beheraldian zen euskarak bi hamarkadatan bereziki: 1920koan (kulturalki, izendegian) eta 1970ekoan (politikoki, hezkuntzan, euskaltegietan, administrazioetan), bi une erradikal eta eferbeszente. Aztertuko bagenu euskararen 70etako bultzadaren genealogia, gehiago zegoen langile mugimenduak frankismoaren kontra zuen antagonismoaren baitan. Eskolak, liburutegiak, emakumeen arreta zentroak, estolderia eta kaleetako argiontziak, mendigoizaletasuna, osasun etxeak, amnistia, armaden kontrako borroka, aberastasunaren banaketa, elkarteak: pack horretan zetorren euskara.

Ziklo kontserbadorean darama euskalgintzak bi hamarkada, tautologian, oso arduratuta medikuak euskara jakitearekin, baina ba ote daki zer zure lantokiko komuna garbitzen duenak, zahar etxekoak, landako sasi-esklaboak, muntaia katekoak. Historia ez da mito bat, baina euskarak aurrera egin duen bi garaietan behera begiratu du: Osasunara, Potasasera, Motor Ibericara, etxekoandreengana, Pamplonicara. Klase ertainaren aspirazioak aspirazio indibidualak (ala familiarrak) izaten dira baina bake sozialak ez ditu etorkinak, emakumeak edo bestelako langileak inoiz salbatu; euskaldunekin antzeko. Borroka pack batean ez badoa, ezagutzen ditugu euskaldunon mugak, honezkero ez direnak Arestirenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.