Iñigo Aranbarri.

Euskaldunak munduan

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Baionan egin du sarrera Miren Arzalluzek: «Euskaldun gisa agertzea errazago zen Londresen Parisen baino. Londresek nortasun politiko zabalagoa du, aniztasun handiagoa dute. Parisen, ingurune batzuetan behintzat, intelektualki nagusi direlakoan daude». Mugaz Gaindiko 3. Topaketan mintzatu da horrela apiriletik atzera Bilboko Guggenheimeko zuzendaria izango dena. «Parisen zinismoz aritzen dira, eta trufatu ere egin dira neure burua euskaldun gisa agertuta, baina nik aurrera egiten dut».

Gaia lagun artera aterata, maila xehean, bizikizun beste iritzi azaleratuko zaigu. Eliteen jarrera, ondikoz, erabatekoa da. Londresez dioena argi ez dudan arren, Paris zinikoak garbi izan ditu beti gauzak. Hortik Baionako txaloak Arzalluzen berbei. Baina Pelloren egia erantsi beharrean gaude: euskaldunari ez ezik metropolikoa ez den orori egiten dio burla eta barre Parisek.

Hala ere, okerrena, Arzalluzek euskaldun dioenean euskal herritar esan nahi duela, ezen hizkuntza sartuta ekuazioan, areagoa da emaitza. Hala da, trufa egiten zaio euskaldunari, baina ez Parisen soilik, baita Madrilen, Iruñean edo Euskaltelen ere. Urrutira gabe, uuka ekin zioten orain urtebete pasatxo Espainiako enpresariek Bilbon bertan Urkullu lehendakariari hau euskaraz hasi zenean Familia Enpresaren Biltzar Nazionalean. Enpresari nazionalak lehendakariari. Atera kontuak hortik beherakoei. Euskaldun bezainbeste burlatu gabiltza geure herrian barrena.

Bazen Arzalluz aitak Espainiarako maiz zerabilen dardoa: «palabra de vasco». Gauza jakina baita euskaldunak arrunt jatorrak garela, zintzoak eta esanekoak. Eta halaxe gaituzte. Hori bai, euskaraz hasten garen arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.