Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Euskaldunak, burgesak eta porrotak

2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bururatu zitzaidan Karrikiriko aldizkarian 2014an Joxe Azurmendiri egin elkarrizketako pasarte batzuk sare sozial batean jartzea. Berez osorik puskaz interesgarriagoa den arren: «Zein da euskalduna? Galdera konplexua da. [...] Euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna da. Euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena. Komunitate honek noizbait bere bizitza euskaraz egin ahal dezan ahalegina egiten duena, etab. Izan ere, datu zoologiko edo biologikoetan ez bezala, fenomeno sozialen kontzeptuak euren dinamika barnebildu behar du, dinamika historikoa».

Aipua azken urteotan gailendu den euskaldun dimentsio-bakarrekoarenetik irakurri zuten askok. Baina niri dimentsio historikoa egiten zait filosofemako puntu gorena. Alegia. Historiografia burgesak (euskaldunak barne) pertsonaia ilustreen historia egiten du eta dozena bat pertsonaia nabarmentzen ditu, historiografia burges aurrerazaleak bi dozena planteatzen ditu. Baina marxismotik aspaldi planteatu da talde (eta hiztun) zapalduen historia beti dela kolektiboa. Iruñerrian: 1950etan meza euskaraz lortu zuten etxekoandreak, 1960etako talde nazionalistak, langile mugimendu iraultzaile eta euskaltzaleko milaka lagun, ikastoletako gurasoak, 1970etako udal ikastolako langileak, ehunka lagun auzolanean. Prozedura ilegal eta alegalak, eraikinen okupazioak, pedagogia askatzaileak, miseria, karrera pertsonalei uko egitea eta, bereziki, ulertzea euskarak aurre egin duen azken bi garaietan (1920-36 eta 1960-89) emantzipazio orokorraren markoan egin duela, ez euskaratik eta uneko euskaldunentzat: kapitalismoaren kontra, emakume eta etorkinekin, greba eta lanuzteetan, estatuari gerran eta ez eskean.

Ez Francok ez Barcinak ez dituzte gaurko euskaldunak mehatxatzen, 30 urteotako euskararen geldialdia klase ertainaren eta autonomismoa den erreformismoaren porrotari dago lotuta. Ez ote den porrot zaharrak abandonatzeko une egokia eta azierto zaharrak eguneratzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.