Eneko Gorri.
LARREPETIT

Euskal Herritik zuzenean

2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Sorgin zelaian, gurea asma leloarekin badator Euskal Herria Zuzenean festibalaren 21.a. «Krisian» den sektore batean, «Festibal alternatiboen eredua agortua» dela entzun ohi da. Gazteria bera, «indibidualista» omen da, eta ez omen du gehiago «proiektu handietan sinesten». Alta, beste batzuk instituzionalizatu, bertikalizatu eta pertsonalizatu diren bitartean, XXI. mendean errotutako proiektu militante eta kolektiboa da oraindik ere EHZ.

Transmisioa eta belaunaldien berritzea dira desbideratze hori saihesteko giltzak. Batez bestean 3 urtetik behin gaztetzen den egitura denez, bere ibilbidean 7 antolatzaile belaunaldik eraman dute proiektua. Laguntzailea kudeatzaile bihurtzen hasten delarik, erreprodukzio mekanikoa esperimentazioa ordezkatzen hasten delarik, pragmatismoak ausardiari gaina hartu diolarik, tokia uzteko garaia dela ohartarazteko gaitasuna duen egitura da EHZ.

Frustragarria izan daiteke batzuentzat, baina eraberritze hori ez da heldutasunaren edo esperientziaren kontra egin; alderantziz, etenik gabe freskatu da EHZ, beti bide berriak jorratuz, esperimentatuz, baita tronpatuz ere batzuetan. Baina beti duintasunez.

EHZ ez da garagardo, banku, auto edo jantzi marka handi baten festibala. Oraindik gutxiago, Arantxa, Manu, Asier, Oihana, Julie, Ramuntxo edo Mikelarena. Eta horregatik da desberdina. Musika festibal askotan ikusten dena ez da ikusten (eta alderantziz). Han, publizitatea eta kontrola zirrikitu guztietan sartzen delarik, hemen alternatibak dira xoko guzietan gordetzen: ogitartean ematen den entsaladatik, basoan isurtzen den garagardora; apainketatik, puntu ubelera; oholtzako musika taldetik, pentzeko performantziara; eztabaida gunetik, liburutegira; kanpalekutik, laguntzaileen txokora; komunak eta dutxak ere alternatiba eta esperimentazio gune bihurtzen ditu EHZk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.