Ulertzen dut sare sozialek badutela beren logika. Eta umoreak baduela berea ere. Are gehiago, ulertzen dut sarritan egon daitekeela, egon behar dela, su-eten bat politikarena, etikarena eta are moralarena, umoreak (Freud) funtziona dezan. Halere, oso adierazgarria iruditu zait egunotan sarean egon den lehiaketa, Euskal Herriko udalerri itsusiena hautatzearenaz ari naiz. Zerrendan ziren Cadreita, Basauri, Barakaldo, Noain, Mendabia, Eibar, Ermua, Barañain, Andoain, Irun, Soraluze, Elgoibar, Zumarraga, Sestao...
Sarritan, zerrenda batek beste bat estaltzen du, honakoan ere bai. Kasualki zerrendako hamarka udalerrietan ia guztiak langile klasea nabarmen bizi den herriak dira. Gehienak industrialak eta tamaina batetik gorakoak, baina baita nekazal lurgabeen herriak ere, industrialdez jositakoak.
Aurrejuzgu hori, langile jendearen etxeak (janzkera, musika, hizkera, zernahi) zatarra dela umoretik esaten da, lagunek esaten dizute segun autobidean nondik pasatzen zaren, edo beren eskualdera aurrenekoz zoazenean bertakoek ere esango dizute ez dakit ze auzotanez dagoela ikusteko ezer. Ez dut nik, obrerismotik, defendatuko, buruan ditugun 50-60-70eko hamarkadetako langile auzoak ederrak direnik langile jendearenakdirelako. Halako tautologietatik urrun egon behar da (eta Lukacsetik gero eta gertuago), edertasunaren ideia interesatzen bazaigu bereziki. Nahiz eta beti den zalantzagarria ea Deabrua zatarra den zatarra delako ala Deabrua delako.
Baina kasu, kontua, demagun, udalerri bat lurraren pare jartzea bada, billeteak denon artean banatu ostean, agian egokiagoa litzateke Selektah Kolektiboak edo 131 Crewk abestu zuten bezala, Neguri edo Gorraiz, Zizur Txikia edo Olaberria eraistea. Bistan da premiazkoa dela hirigintza berri bat pentsatzea, ez dena agian langile auzo horien bidetik joango nahiz eta askoz iseka gehiago merezi dutenak badiren, esaterako azken hiru hamarkadetako klase ertainaren adosatu, unifamiliar, sasi-baserri eta bestelako lauburudun amets amerikar indibidualistak.
LARREPETIT
Euskal Herriko udalerririk itsusiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu