Ander Perez Argote

Euskal gatazka, faszikulutan

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Telebistako iragarkietatik erabat desagertu dira, baina izan, izan zen garai bat dena bildumagarri zena. Bonbo handiz iragartzen zizuten auskalo ze entziklopedia eta auskalo ze bilduma, baina gero, lehen alea erosita, ez zen hain erraza izaten kioskoan hurrengoak topatzea. Interes handiz bilatzen zuenaren esku besterik ez zen gelditzen istorio osoa borobiltzea.

Bazegoen arriskua euskal gatazkarekin antzeko zerbait gertatzeko. ETAren indarkeria gertatu bezain pronto zen aitortua, begi bistakoa eta ukaezina. Gero, norberak egin zezakeen bere analisia, baina frogatu beharrik ez zuen egitatea izaten zen ia beti. Beste indarkeria asko, ordea, komisarietako sotoetan edo errepideko kontroletan izaten zirenak adibidez, ilunpetan geratzen ziren, bilatu nahi eta, sarri, sinistu nahi zuenarentzat bakarrik eskuragarri.

Pasa den astean aipatu genuen Nafarroako Gobernuak mende honetan bertan torturatutako hainbat lagun aitortu dituela, eta litekeena da torturatuen sareak herenegun iragarritako «auzolan erraldoiaren» gisako ekimenen ostean tantaka azaleratzen joatea kasu gehiago hurrengo hilabete eta urteetan zehar. Zuzenean eta denbora errealean gertatzen zen gatazkari, faszikulutan gehituko zaio orain errealitate oso bat askoren begietara.

Honezkero, argi dirudi ez dela egongo hemen gertatu denaren errelato bakar bat, eta gehiago izango dela pieza ezberdinez osatutako puzzle bat. Agian ez dago besterik. Kontua da, behintzat, kontakizun ezberdin horiek guztiak errealitate ahalik eta osoenean oinarritzea. Eta errealitate oso horri behar duen ikusgarritasuna ematea. Egia osoa ez dadin egon kioskora haren bila doanaren esku bakarrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.