Gasteizerako txango arrunta zirudien baina, egia esan, efemerideek bezala, gure auzo eta herrietako txoko batzuek ere badute unea mikazteko gaitasuna. Zentzu horretan, espero dut ez naizela inoiz ohituko faxismoaren gorazarrera, esaterako Arabako hiri buruzagiko erdi-erdiko eraikineko museoaren existentziara. Are gehiago, erakunde publikoetan bizi dugun etxekotze fase honetan, aritmetikak gero eta antz handiagoa du Koldo Izagirrek idatzi eta Joseba Tapiak abesten zuen ereserki horrekin. Alegia, antza makillajea soilik egin daitekeela Iruñean dagoen Europako hiri-monumentu faxista handienarekin. Erakundeetako indar korrelazioak paktua eskatzen omen du Gasteizen diktadura militar bateko polizia torturatzaileei ohore egiten dien interpretazio zentroan PSOEren historialariek diseinatzen duten lerro politikoarekin.
Txangoa bukatu eta gero eta mugimendu kontrol zorrotzagoa daukan trenera igo eta, halako batean jabetu gara, monumentu faxistak bezala makilatuta dagoen tren hori, berez, Talgo bat dela. Zaharrenek izango dute gogoan Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol. Baina zaharretako asko dira, gero, gazteei kontatzen dietenak Euskal Herriak faxismoaren aurkako antigorputzak ei dituela. Kontatu beharrean, George Orwellek ingelesei bezala, ez dagoela herri kapitalistarik faxistarik ez duenik. Zentzu horretan, datozen Gabonetarako, eska genezake, berdin zait herri, klase ala gizarte gisa, euskal faxismoaren historia llabur bat, zeinetan Alejandro Goikoetxea Omar elorriarrak toki nabarmena izango duen. Eusko Jaurlaritzarentzat 1936an Bilboko defentsa sistema antolatzetik, erakunde demokratikoei traizio egin eta kolpistei planoak eman zizkien ingeniari eta asmatzaile hura, gerora ibilbide profesional aparta izango zuena trenen diseinugintzan.
Maxima ezaguna birformulatuz, etxeko faxismoa ez minimizatu, ez gaindimentsionatu baina, are gutxiago, atzerritik datorrela pentsatu.