Larrepetit. Irati Elorrieta

Europarrak

2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Finlandiar guztiak ez dira Kaurismakiren pertsonaiak bezalakoak, espainiarrak Almodovarren pertsonaiak ez diren bezala. Eta, hala ere, arrazoia eman behar diot frantsesari, dioenean Alemanian ez dagoela flirt-kulturarik. Inork ez dizu itxuraren gaineko konplimendurik egingo, iraindua sentitu ez zaitezen, badaezpada.

Frantzian, Brigitte Bardot izan zuten, presentzia sexual probokatzailedun ile-horaila, eta askok kritikatu egiten zuten bitartean, nork eta Simone de Beavoirrek gerra osteko Frantziako emakume askeena izendatu zuen, «emakumeen historiako lokomozio-aparatua». Albo batera utziz BBen muturreko erakargarritasuna eskuin-muturreko bilakatuta dagoela, garrantzitsua dena da frantziar feminismoak izan zuen eredu horren antzekorik ez zela heldu germaniarren artera. Oraindik ere topatu daitezke pertsona moduan ikusiak izan nahi dutelako ilea motz mozten duten emakumeak. Konplimenduak egiteko moduan!

60ko hamarkadako Brigitte Bardoten eraginez glamourrarekin lotzen den Cote d'Azur frantsesa hamarkada batzuk lehenago Europako elite artistikoaren topaleku izan zen: Matisse eta Picasso, Cocteau eta Aragon, Berlioz eta Stravinski. Thomas Mannek ere bertan hartu zuen babesa bere familiarekin. Gerra ostean, Thomas Mannek zabaldu zuen ideia bat izan zen ez zela Europa alemaniar bat behar, baizik eta Alemania europar bat.

Grezia eta Irlandako ekonomien hondamena ezin da ulertu Alemaniako ikuspuntutik. Finantzak eramateko ere, beste estilo bat dute. Eta estilo hori, diziplinarena, defendatzera akuilatu du euroaren krisiak. «Euroak porrot egiten badu, Europak egingo du porrot», esan zuen Merkelek. Porrotak iragartzea egokitu zaio politikari honi. Ulertu behar da Europa esan zuenean Europar Batasuna esan nahi zuela? Eta ez ote da alderantziz, Europaren ideian sinesten ez duten politikariek utziko diotela euroari porrot egiten?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.