Blanca Urgell

Europa

2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Johann Kaspar Zeuss (1806-1856) elizgizon nahi zuten gurasoek, baina berak hizkuntzetarako jaidura izan. Kronach hirian jaio zen, Lucas Cranach Zaharra margolaria (c. 1472-1553) eta Jessica Wich (1990-) Bayer Leverkusen futbol taldearen aurrelari ohia bezala, Bavaria estatuan, Frankonia Garai eskualdean.

Hizkuntza zeltak indoeuroperaren taldekoak direlakoa, berak frogatu omen zuen Grammatica Celtica-n (1853). Baliteke Kronach germaniarraren aldirietan Burdin Aroan zeltak bizi izana izatea akuilu.

Frankoniak izena frankoetatik hartu zuen, Frantziak bezalaxe. Germaniarrak, artean frankoak, zeltak baino beranduago heldu ziren hara. Rhin-en ekialdean kokaturik ditugu o.a.a. III. mendean, eta V. mendean Galiara heldurik.

Zelta zaharrenak, aldiz, Hallstatt-eko kulturarekin lotzen dira. Hallstatt gaurko Austrian dago, eta beraren izenaren Hall partea zeltazko gatzaren izenetik omen dator, hango gatzagengatik, antza. Inguru hartan sortu omen zen kutxa-zelaien kultura Azken Brontze Aroan. Gorpuak errauts bihurtu, kutxan sartu eta gero hobi txiki batean lurperatzen zituzten, gainean ezer ipini gabe.

Indoeuropar hizkuntzen hedapen eta banaketaren historia maiz ezin da hizkuntzetatik eratorri, nahi genukeen bezala, halako kultur gertakarietatik baizik. Beraz, burdinaren lanketarekin eta kutxa-zelaiekin batera, baliteke indoeuroperaren dialekto antzinakoenetakoak ere hedatu izana Europa erdialde eta mendebalean.

Europa kristaua, Europa indoeuroparra, burdinarik gabeko Europa, ehiztari-biltzaileen Europa, neanderthalen Europa. Vinicius futbol jokalariari negar eragin dion Europa. Kontinente bat besterik ez da: edukia guk ipintzen diogu aldiro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.