nerea loiola pikaza

Eurena bezain

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Neguko goiz euritsu bat. Eskola bat. Nire liburuetako bat irakurri duten hamar urteko haurrak. Eurek galderak egin, nik erantzun. Egin dizkidate liburuari buruzkoak, nire lanari buruzkoak, eta iritsi da galdera: Gure adina zenuenean, idazle izan nahi zenuen handitan?

Ez. Ez nuen idazle izateko asmorik, zuen adina nuenean futbolari izan nahi nuen. Baloia oinetan itsatsita bizi nintzen: eskolara, biolineko klasera, errekaduak egitera, kalera; Oliver eta Benjiren moduan, baloia eskutan ez hartzea helburu. Mutilekin eta mutilen aurka jokatzen nuen beti, bat gehiago nintzen. Baina, pasatu ginen institutura eta nire kide guztiak futbol federatuan hasi ziren. Ni ez. Ni talderik gabe geratu nintzen, bazter.

Ez nintzen mutil sentitzen, baina mutil izan nahi nuen, eta ez zen hori sentitzen nuen lehen aldia. Beraz, mutilen moduan mugitzen ikasi nuen, euren moduan hitz egiten, txistua eurek bezain urruti jaurtitzen eta korroskadak botatzen; ikasi nuen euren umorea eta egin nien barre ni bezalakoei; mutil batek lez edan nuen, plazerik eman ez zidan sexua izan nuen eurek nahi zuten toki, ordu eta moduetan; gizonezkoen ingeniaritza bat ikasi eta enpresa mundu testosteronikoan murgildu nintzen.

Gaur egun neska izanda ere lehen mailan jokatu dezakezula esan dit futbolariz jantzitako mutiko batek. Nire erantzunari aurrea hartu dio futbolariz jantzitako neskato batek: «Bai, baina ez da gauza bera». Eta ez da inoiz gauza bera izango. Berandu, baina ikasi dut ez duela hala izan behar. Berdintasunik ez da izango emakumea* gizonaren pareko egiten; berdintasuna izango da gurea, geure molde eta neurrikoa, eurena bezain garrantzitsu bihurtzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.