Iñigo Aranbarri.

Eukaliptoaren artea

2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Duela bi urte Palas de Reiko proiektua aurkeztu zelarik, «landare-zuntzezko oihalen faktoria iraunkorra» izango zela azaldu zuen Altri enpresak. Egitasmo berde bat, milaka lanpostu sortuko dituena. Bertakoa den Jose Blanco buruzagi sozialistaren aholkularitza-enpresaren bermea zekarren (Ezker Batuko ministro ohi Alberto Garzon fitxatu dute anartean). Eta transbertsalitate politikoa osatzeko, PPren esku den Xuntak berehala arindu zituen tramiteak, ederto baten loratua guztia: «berebiziko interes estrategikoa du Galiziarentzat».

Primaderak atera zuen kaka azalera. Oihal faktoriaren oinarri, zelulosa fabrika bat, urtean 400.000 tona zelulosa eta 200.000 tona lyocell sortuko dituena. 336 hektarea lur hartuko ditu enpresak, 75 metroko tximinia izango du sufrea jaulkitzeko eta 46 milioi litro ur aterako ditu Ulla ibaitik, egunero. Ekoizpen maila horri eusteko, 1,2 milioi tona eukalipto egur behar dira. Ez omen da, baina, gehiago landatu beharko: «soberakina erabiliko dugu».

Dena fantasia ero bat, non gezur bati beste bat eransten zaion jarraian, greenwashing zoragarrian. Portugaleko suteen argitan, horra urtetan zeruak eta lurrak eukaliptoz josi dituen egitasmoaren erremate politikoa. Biztanleen gordean guztia, ingurumenaren hondagarri eta bakan batzuen poltsikoen pozgarri.

Ados, ez da konparagarri. Zelulosa faktoria dago baten atzean eta munduko arte fundaziorik sonatuena bestean, baina manerak, funtsean, ez dira sano diferenteak. Eta behar izatera, aski eukalipto landatu da azkenaldian Bizkaiko kostaldean halako beste eco-egitasmo estrategiko bat promozionatzeko Urdaibain. Baten bati bururatzea da. Tresneria mediatikoa, bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.