Julio Soto.
Larrepetit

Etxe huts

2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aspaldidanik dira lagun Euskal Herria eta Katalunia. Ulertzen ditugu, eta ulertzen gaituzte. Beste begi batzuekin begiratzen ditugu, gaituzte. Ipar Irlandarekin, Eskoziarekin, Quebecekin eta beste askorekin bezala, sentitzen gara Kataluniarekin identifikatuta. Batarekiko zein bestearekiko, handiak dira berdintasunak bezalaxe ezberdintasunak.

Berea ez den etxe batean bizi da Katalunia. Barrabaskeria bat egin duen umea bezala, zigor-gelan sarturik, giltzapean. Preso. Bete behar ditu berea ez den ugazaba baten aginduak. Eta badaki ezingo dela gelatik atera, ezpada barrutik bultza eginez. Gero eta kolpe handiagoak ematen dizkio ateari, gero eta indartsuagoak. Ugazaba hasia da kezkatzen. Etxe berean sartu zuten Euskal Herriko zati bat. Antzekoa den ondoko etxean bestea. Biak ere, zigor-gela batean. Bekaizti begiratzen diote Kataluniako ateari, nahi lituzkete halako kolpeak jaso.

Hain da prozesu luze eta gogorra ateraino indartsu iristea, tarteka gelditu eta zorroa betetzen dute. Kataluniari butifarragustatzen zaio. Euskal Herriari,txistorra. Jolasak alaitzen die bidea. Batak, castells-ak eraikitzen ditu. Besteak, harriak bizkarrera.

Euskal Herriak argitaratu berri du bere ateei, bat gutxi ez eta bi, kolpeka ari den haga garrantzitsu bati buruzko liburua. Ateak, inoiz lurrera eroriko balira, azken kolperaino iristeko bidean, zerikusi handia izango lukeen haga. Kataluniak ez du ulertzen nola demontre argitaratu duten liburua eurena ez den ugazaba baten hizkuntzan. Bere zigor-gelan ez da horrelakorik gertatzen. Euskal Herriari ez zaio arrotz egiten, ez da gertatzen zaion lehen aldia, ez da bigarrena.

Botako du atea Kataluniak, eta eraikiko du etxe burujabe bat. Botako ditu ateak Euskal Herriak, eta hizkuntza arkitektura errotik aldatu ezean, eraikiko du etxe huts bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.