Maider Galardi

Etxe bat

2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Asteon berriro elkartu gara ni eta beste 500 lagun etxebizitza eskubideak zozkatzen dituzten aretoan, eta, berriz ere, ez zait tokatu. Oraingoan serioxeago hartu dute kontua, eta 1.300 bolatxo sartu dituzte bonbo erraldoi batean. Datorren astean da Espainiako Gabonetako loteriaren zozketa, eta konparaketak hotzikara eragin dit, etxetik jaso baitut herentzian halako jokoetan ez parte hartzeko ohitura, zoriz dirutza jaso dezakegun ideia gu tenteltzat hartzeko beste modu bat besterik ez omen da eta. Zortea dut, ordea, lagunen gelaz gela eta senideen etxez etxe pasatu dudalako emantzipatuta daramadan gaztaro guztia. Kuadrillako batzuk oraindik gurasoenetik joan ez direla kontuan edukita, gaizki ez. Zorteduna naiz, halaber, hotzetik libratuko nauten lau pareta ditudalako alokairu duin baten truke.

Ezin baita hotzetik babestu kalean lotan ari dena. Palestinako bost familia, aldiz, kalean geratzeko zorian daude Gedar kazetaren arabera, genozidiotik ihes egitea lortu eta goxo hartuko dituen etxe bat bilatu ezinda, erakundeek erabateko babesaren promesa egin bazieten ere. Datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %7,04 egin dute gora etxegabetzeek 2024ko azken hiruhilekoan, eta etxebizitzak alokatu eta saltzen dituzten webguneetan sartu besterik ez dago prezio neurrigabeekin eskandalatzeko. 

Joan den larunbatean ez nengoen Bilbon, baina Aner Peritzek egin zuen oihartzuna: «Nik maite ditut jabeei kentzen zaizkien etxebizitzak», eta Aroa Arrizubietak erantzun Bilbotik: «Etxebizitza unibertsala negoziorik gabea». Han ziren etxebizitzen sindikatu denak, han okupak, maizter eskubidegabeak. Giltzak astindu zituzten denek Arriagan, nik Lasarteko aretoan, poltsikoan sartuta astindu nituen, guztiok patrikatik atera eta harro zarataraziko genituen fantasiaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.