Duela hiru bat urte –hau da, iraganean– entzun nuen aurrenekoz «ariketa espekulatiboei» buruz. Orainaren argazkiak egiten dituen eta horretarako genealogien eta arrazoi estrukturalen beharra ikusten duen norbaitentzat sekulako irudimen ariketa nekeza izan zen, egia esan. Inspiratzailea, itxaropentsua eta dibertigarria ere bai, Euskal Herrian 1960ko hamarkadako loraldiaren errentaz bizi garela eta azken apurrak agortzen ari direla pentsatzen duenarentzat –hau da, iragan jada nahiko urrun batean ainguratuta gaudela eta orainak dituen erritmo bizietara ere egokitu behar garela pentsatzen duenarentzat–. Taroteko kartak, etorkizuneko iragarleak, sutondoko akelarrea… dena zen berria, biharra irudikatzeko, nolabait.
Azken hiru hilabeteetan –hau da, orainaldi erlatibo batean– etengabe gurutzatu zaizkit halako proiektu eta ariketak. Iragarle batek esango luke nire gorputz-gogoak behar duela gaurtik ihes egin eta horregatik iritsi zaidala seinalea, dela liburuen bidez –Zirriborroak eta gero irakurtzen egon gara irakurle txokoan–, dela autoan –halako prozesuetan dabilen bidaide batekin partekatzen ditut astean ordu dezente–, eta dela herri mugimenduetatik –pare bat saiotan izan naiz, azkena joan den larunbatean Bilgune Feministaren topaketetan–.
Iragarlea ez dago oker, mundu zital honetan irauteko modu bakanetakoa iruditzen baitzait deitu utopia, deitu etorkizun loriatsu, deitu geroa desiragarriak marraztea. Baina iruditzen zait askotan ihes egiten diogula gaurrari eta Angela Davisek zioen esperantzaren diziplina ez dugula proiektatu bakarrik egin behar, baizik eta orainean aplikatu. Irakurle txokora egindako bisitan, Ixiar Rozasek esan zigun denborak dimentsio asko dituela. Besteak beste, oraina atzo eta bihar ere badela. Beraz, etorkizuna gaur ere badenez, sartu dut jada botoa ontzian, denon artean eraikitako unibertsitate baten alde, ea tarotak asmatzen duen datorren asteartean eta aldaketa ez den zientzia fikzioan geratzen.