Blanca Urgell

Etnaren hizkuntza

2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Horrificis iuxta tonat Aetna ruinis. Horrela aurkezten du Virgiliok sumendia, burrunda ikaragarrian. Mantuatik gertu jaio zenez, zelaian, beldurgarritzat eduki behar, derrigor, mendi erraldoi haren etengabeko jardun zaratatsua, bertakoen belarriak goxatzen dituena, diotenez, haren emariek dohatsutu baitute Siziliako lurra mendeen mendetan —baita gure gauza sortu ere sortu, nork daki, errai sukor haietatik—.

Oraingo honetan ere, kaiolan dagoen lehoiaren antzera, orro egin bai, baina neurriz gain erasoko ez duelakoan, haren erupzio berriztatua ongi etorria da gurean, futbolaren aitzakian han eta hemen ibili diren esamesa eta eztabaida penagarriak haren errautsez estal ditzan.

Etna ninfa-izena hizkuntza semitikoen enborretik omen, ziurrenik fenizieratik, non ‘sutan egon’ esan nahi omen zuen. Ez diogu izena aldatuko, baina nahiago sizilierazko Muncibeddu eta italierazko Mongibello, Erdi Aroan Sizilian bizi ziren arabiarrek eman zioten ŷébel ‘mendia’ izenetik.

Azpian omen datzan Tifon jainko zaharra higitzen dabil etengabe. Agian haren ezinegonaren zioa ez da jadanik Zeusek garaitu eta han gatibu hartu izana, sizilieraren egoera ez-ofiziala baizik. Ez al da harri eta zur gelditzekoa? Italiak hamabi «hizkuntza gutxitu historiko» ditu, horietatik lau koofizial euren eskualdeetan. Alta, siziliera ez dago aintzat hartuta, ortografia normaltzeko azken saioa 2017koa da eta, besteak beste, eskolan sartzeko ahaleginak ez omen dira nahikoa eraginkorrak izaten ari. Hori bai, UNESCOk aitortua du, hori ezertarako izango bada.

Etnaren trumoiak esnatuko ahal ditu sizilieradunak, bai eta siziliar herritarrak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.