Ander Perez Argote

Eta ez balitz, zer?

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Zor diguten zorroztasun eta hoztasun guztiarekin mintzatu berri zaizkigu zientzialariak, eta klaro, hori ez dator beti bat herriaren antsia epiko eta emotibistarekin. Gerta liteke orain Irulegiko Eskuko izkribua ez egotea euskaraz idatzita, ez eta euskararen ahaide den aspaldiko hizkuntza batean ere. Edo gerta liteke baietz. Esan dutena ez da aski motibo sorioneku tatuatu zuenak eskuak burura eraman ditzan, baina ezta hedabide espainolistak, egin duten moduan, euskaldunoz trufatu daitezen ere. Aukera bat edo bestea frogatzeko aski frogarik ez dagoela, hori da esan dutena. Eta ikertzen segitu behar dela.

Baina txarrenean jarrita ere, sorioneku euskara ez balitz ere, zer? Zuk zeuk ez zenuke horregatik zure eta zure herriaren euskalduntasuna zalantzan jartzeko arrakalarik sentituko. Eta jakin badakizu komunitateek behar izaten dituztela autoerreferentzia eta sinboloak, eta sarri historian bilatu behar izaten direla horiek, subjektu politiko gisara agertu ahal izateko. Guk baditugu gureak bestela ere. Ez zenekiena zen zenbat eta atzerago historian, orduan eta puntu gehiago biltzen zenik etorkizunean onartuak izateko.

Zer esanik ez Irulegiko Eskuarekiko entusiasta handi asko gaur egun euskaraz ekoizten den ozeano guztiari —ez dezagun esan euskararen erabilerari— bizkar emanda bizi direnean, euskarazko azken eleberri, antzerki eta kantuekiko ezjakin eta ezaxola. Gaur eta hemen da bilatzen zenuten komunitatea.

Eta badaezpada: zu zinateke lehena pozten, Irulegiko Eskuan euskararen arrastoren bat dagoela frogatuko balitz. Hau ez da poz kolektiboa zapuzteko nahi bat. Euskaraz ez balego lasai lo egin dezakegula esateko modu bat baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.