Samara Velte.
LARREPETIT

Eszenatokia

2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Denbora pasatzen da eta bat-batean, ez dakizu nola, zure biografiaren eszenatokietan alderrai zabiltzala ohartzen zara, album bateko orriak pasatzen dituzun moduan: noizbait pertsonaia izan zinen jada aldatu den atrezzo honetan; orain begirale baino ez zara.

14 urte izango genituen, ikastolan lehenbizikoz Zarautzek gaztetxea behar du zioten itsaskailuak agertu zirenean, anai-arreba nagusiagoren batek ekarrita. Herabe hurbildu ginen aurreneko aldietan handia eta iluna iruditzen zitzaigun fabrika zaharrera, baina aurki topatu genituen garaiko giro hertsian falta zitzaizkigun koloreak. Putzuzulo autogestioaren, ikasketaren eta sormenaren sinonimo bihurtu zen. Arraio Irratia izan zen gutako askoren lehenbiziko komunikabidea; bertan ikasi genuen alde handia dagoela «arazo teknikoak» dauzkazula esatetik, teknikoak arazoak dauzkala onartzera. Putzuzulon ezagutu genituen feminismoa, konplizitatea eta kritika umoretsua. Nola ahaztu, bestela, Munilla apezpikua herrira etorri zela hain zuzen ere Cowboy tematikako mozorro festa bat iragarrita zegoen egunean? Ortzadar koloreko boaz eta pelukaz zein bakeroz jantzitako kuadrilla batek egin zion harrera parrokian (erratz-zaldi baten gaineko bandidoren batek argimutil bat ere bahitu zuen, apaizaren disgusturako).

Putzuzulo gabe, Zarautz toki hilagoa zatekeen azken hamabost urteotan. Denetik igaro da haren oholtzatik, txotxongilo erotikoetatik hasi eta herrian instituzionalizatutako Kopla Txapelketaraino. Eta orain amaitu da haren bizialdia: garabiz eta hamarren bat solairuko etxe-bloke berriz inguratuta dago, eta laster ez da geratuko eraikinaren arrastorik. Obren ertzetik paseoan noala ohartzen naiz zenbateraino gordetzen duten belaunaldi baten memoria bazter hauek, toki honen lengoaia deszifra dezaketenentzat, bederen. Aurki gu baino ez gara izango memoria horren eramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.