Julio Soto.
LARREPETIT

Espiritualismorantz

2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Sendoak dira oraindik kristautasunaren sustraiak gurean; sorginen lurrean bortxaz landatutako zuhaitzak zutik dirau oraindik. Jende berrien etorrerak ekarri du kultura eta sinesmen nahasketa bat, baina oraindik eliza katolikoaren esku dago sinesmenaren monopolioa.

Luzea da historian zehar elizak gaizki egindakoen zerrenda, nekez kabituko litzateke zutabetxo batean. Ongi eginak ere asko dira, elizak baino gehiago, eliza inguruko jendeak. Ukaezina da. Erakunde bezala ulertutako elizak, gauza onak baino gehiago, gauzak ongi egin dituela esango nuke; bere mesedetarako, bistan da. Eta ongien egin duen gauza heriotzaren kezka bereganatzea izan da, bizitzari buruzko galdera erantzun ezinei erantzun bat ematea. Zeru bat margotu du, sartzeko giltzak apezen patrikan daudela erakusten duen bitartean.

Jendeari eman dio zertan sinetsia, heriotzaren aurreko beldurrak nola apaldua. Zentzu bat. Jakitun, kristau federa hurbiltzen denari nekeza zaiola eliza katolikotik urruntzen. Nik eliza eta fedea bereizi egiten ditut, eta bigarrenaren gaineko epairik ez dut emango, gauza gutxi baitaude pertsonalagoak hori baino.

Gero eta gehiago dira, ordea, ez elizatik bakarrik, kristautasunetik ere urruntzeko bidea hartu dutenak. Orokorrean, gure ingurua egiten ari den bidea dela esango nuke.

Baina urruntze bide horretan erantzun ezinezko galderetatik urrunegi goazela iruditzen zait. Bizitzaren inguruko hausnarketak edo heriotzaren inguruko kezkak elizarekin lotzen ditugu oraindik, eta azkena bazterrean utzi nahian lehenak ere halaxe uzten ditugu. Eta ez dute zerikusirik.

Kristautasunetik urruntzen ari garen honetan, espiritualitatetik ere urruntzen ari gara. Eta iruditzen zait, orain arte erakutsi ez diguten modu batean bada ere, bigarrena elikatzen jarraitu behar genukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.