Polita litzateke zehatz jakitea indoeuroparrak lehenengoz heldu zirenean aitzin-aitzineuskaldunek nola hitz egiten zuten.
Polita litzateke lehen indoeuropar haiek benetan noiz etorri ziren jakitea, Brontze Aroan (K. a. 1000. urtea baino lehen), Lehen Burdin Aroan (Halsttatt, K. a. X-VI) ala geroago soilik (galiar eta zeltiberiarrak, K. a. V. mendetik), eta zein hizkuntza zehatz zerabilten, orain «zelta» edo «aurre-zelta» izenen pean ezkutatzen den edo direnak.
Izan liteke, Unetice-ko kultura dela-eta berriki aldeztu denez, haiek gutxi izatea, baina ezagutza ikaragarrien jabe (eta gerrari beldurgarriak, akaso). Han bostehun bat urtez bertakoak mendean eduki, eta horren buruan mendekoek matxinatu eta dena suntsitu zuten. Berbera jazo omen zen Europa mendebal osoan, han-hemengo aztarnategiek erakusten dutenez.
Ez genuke beti euskara mehatxupean eta atzeraka irudikatu behar. Ingalaterra konkistatu zuten normandiarren patua beste bat izan zen. Glamourrez betetako hitzak oparitu zizkioten anglosaxoierari (ospetsuak dira sukaldea/korta bikoteak: beef / cow, pork / pig…). Aldiz, euren frantsesa galdu zuten lauzpabost mendetan (XI-XV).
Baldin eta lehen indoeuropar haiek gutxi baziren —gutxi eta koldarrak, txikitan esaten genuenez—, litekeena da goiz edo belu euren hizkuntza galtzea.
Uler bekit: hori frogatzeko daturik ez dago. Zelta direlako haiek geure lurraldearen bihotzeraino heldu zirela argi dago, toponimia eta beste lekuko. Horrek ez du ezinbestez esan nahi mundua zelta bihurtu zenik. Aukera gehiago dira, artean elite elebidun bat izatea —Mitxelenak iradokia—, eta geroko egoerak diosku elite hura existitzekotan, haien hizkuntza zelta galdu zutela euskararen arbasoaren alde. Espekulatzekotan, horra hor nirea.