BERRIAko Telegrameko arduradunari eskatu nahi diot inkesta bat egin dezan jakiteko asteartean Espainiak eta Frantziak jokatu zuten partida zenbatek ikusi duten. Nik bai, aitortzen dut. Hori baino ordubete lehenago edo, herriko terraza batean mutil euskaldunen kuadrilla bat taldeen hamaikakoa errepasatzen ari da. Entzuten dudanagatik erronka da asmatzea ea zenbat euskal jokalari sartuko diren hamaikakoan. Espainiaz ari dira, noski, hegozentrismoa zer den, ez dakigu Frantziako entrenatzailea lapurtarra dela. Kuadrilla horretako batek iradoki du ikusiko duela partida. Buuuuu, puto español seinalatu dute besteek. Harrituta geratu naiz, ze Arnaldo Otegik esan duenaren kontrara, Espainiako tixerta dezente ikusi ditut kalean, eta Espainiak gola sartzen duen bakoitzean sekulako orroa entzuten da. M-k dio: «Hau Zestoan ez da gertatzen!», partida telebistan jarrita dugula. Puto español deitu duten horrek, defendatzeko, esan dezake aurkako taldearekin doala, baina kasu honetan, ez dakit aukera ona den. Ikusi dut beste inkesta bat sareetan, euskal herritar izanda zein selekziok irabaztea nahiago dugun, eta gehienek Frantziaren alde egin dute. Peio Dufauk zeinen alde egin du? Beste galdetegi bat eskatu nahi diot BERRIAko CM-ari: galdetu ea irakurleek badakiten nor den Peio Dufau edo bazekiten bozen aurretik. Eta beste bat: orain, bozen ostean, «zein estatu demokratiko» nahiago dugu? Espainia ala Frantzia?
Futbolaren eta politikaren arteko lotura argi ez bazegoen, Mbappe Frantziako kapitainak duela aste batzuk bozkatzeko deia egin zuen «aukera erradikalak» geldiarazteko. Denok geunden pozez zoratzen, ultraeskuina eteteko eskatu zuelako halako figura batek. Berriro etorri ziren Ipar Euskal Herriko lagunak gu belarritik tiratzera: zeharka Macronen aldeko botoa eskatu zuela. Ez dakit hori hobe den Unai Simonek futbolariek politikaz iritzirik eman behar ez dutela esatea baino. Zaila dago aukera, eta oraingoan ere Hegoaldekook nazio ikuspegi gutxi: Espainia finalean dagoenez, baionarrak libratu direlako festetan Frantziako egun nazionala eta Eurokopako finala elkarrekin ospatuko zuketen era guztietako ultrez.