Julio Soto.
LARREPETIT

Eskuzabal

2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ilusioz bete dira Nafarroako kaleak, eguzkiz, irribarrez. Noski, ez denak. Beti ezkutatzen baita itzala eguzkia dagoen tokietan. Baina esango nuke, orain arteko agintarien aurpegiak itzalak itzali dituen arren, euren bozkatzaileetako asko pozik daudela. Pozik eurak egiten ausartu ez diren hori jende askok egin duelako eta hain beharrezkoa, hain premiazkoa zen haize freskoa sartuko delako lizunduta dagoen lurrean.

Amets gauzatu bat nola, horrelaxe sentitu genituen igandeko emaitzak, urduri, azken uneraino azazkalak irensten. Eta iritsi da, iritsi da eguna. Pentsa, Nafarroako presidenteak eta Iruñeko alkateak euskaraz jakingo dute, eta sinets iezadazue, guretzat hori izugarria da. Gustu ematen du Iruñerriko emaitzei begiratzeak, eta Lizarraldekoei, eta Gareskoei, eta Tafallakoei, eta... Hau pentsaezina zen duela urte batzuk, hau amets bat baino gehiago utopia bat zen. Eta ez da utopia bat ametsak betetzen ez direnik.

Hauteskunde eskuzabalak izan dira, norberak bere koloreak defenditu dituen arren, indar handiagoz begiratu diolako aldaketaren koloreari, 26 emango zuen batuketari. Beste guztiak kenketa suposatuko lukeelako. Eta eskuzabalak izaten jarraitu beharko dugu. Partidu izen, interes pertsonalen gainetik begiratu beharko diogu erdiak baino gehiago izateari. Eta halaxe egingo dugu. Gaur nik luzatuko dizut eskua bihar zuk luza diezadazun.

Lau urte baino gehiago beharko dira aldaketaren haizeak lizundutako lurra gozatu dezan; horregatik behar dugu benetako aldaketa iraunkor bat. Eta «UPN kanpora» oihukatzen den arren, PSN kanporago egongo den gobernu bat eskatu du eta behar du Nafarroak. Lehenak baino esku lizunagoak baitauzka bigarrenak. Lehenaren konplize izan baita bigarrena urteetako basakeria honetan.

Badaezpada diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.