Ikasturte honetan, EHUko Errektoretza-taldeak preso-ikasleen eta ikasle-presoen inguruko auzia eztabaidaren lehen lerrora ekarri du. Frantziako estatuko presoen auzia, zehaztearren. Errektoretza-taldeak honako hau eskatu die Fakultateei: graduak kartzelan egiterik baden erabakitzeko. Fakultate bakoitzak erabaki behar (izan) du bertako zer gradu diren baldintza akademiko horietan garatzeko modukoak, eta zeintzuk ez. EHUn gradu berriak ezartzearekin batera, irakaskuntza-molde eta irakaskuntza-egitura berriak ezarri dira. Horren ondorio dugu eskakizuna, antza denez. Graduko adituek eta irakasleek dute halako erabakiak hartzeko irizpide gehien, hala omen. Baina, finean, Fakultateen eta langileen borondatearen esku utzi dute erabakia.
Eskakizun horretan egon zitekeen asmo onik, Fakultateen parte hartzea indartzeko gogorik, erabakiguneak anizteko ahaleginik. Baina eskumenak partekatzeko keinutzat har zitekeen horrek amarruaren itxura du, testuingurua eta moldeak kontuan hartuta. Fakultateei eskumen hori eman zaie, baina, Fakultateek ez dute ikasgai jakinetan ikasle kopuruak eta irakaskuntza-moldeak erabakitzeko eskumenik. Taldeak batzerakoan—ikasle kopuru handiko taldeak sortuz—, edo irakaskuntzaren inguruko beste hainbat irizpide akademiko zehazterakoan ez zaie Fakultateei halako botererik eman. Gehienera jota iritzia eskatu zaie, baina erabakitzeko eskumenik ia batere ez.
Fakultateen esku ardura utziz saihestu dute auzia, erakunde gisa erabaki orokor bat ez hartzeko modua izan da, kontu eskeei izkin egiteko modua. Azken batean, ezetz erabakiz gero, Fakultatea arduradun, hark ukatu(ko) die presoei ikasteko eskubidea. Baietz erabakiz gero, eta aurreraxeago erabaki horrek auzi politikorik edo legalik ekarriz gero, Fakultatea arduradun.
Larrepetit
Eskumenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu