Manex Agirre.
LARREPETIT

Eskumen kontua da

2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Joseba Tapiaren Real Politik hit nire gusturako gutxietsi samarrak (udako kantua izan behar zuen argitaratu zen urtean; edukiz kargatuegia izan, ordea, ohituta gauden arinkerietarako) kantagai duena ederki bete dute Jaurlaritzaren bozeramaile gorenek, azken bi asteotan. Urkulluk eta Erkorekak, Iñigok eta Josuk, ulerkortasun neutroz erantzun dute dimentsio pertsonal-politikoaren puxika zuzen-zuzenean zulatu duten bi gertaeraren aurrean («ados zegoen gurekin / doan eman zigun bostekoa»); baina gobernukide batek, kargua eskuratu eta hurrengo egunerako ederto ikasita izan behar duen mantra-kutsudun esaldiarekin etorri zaizkigu, dotore: «berak ezin zuen ezer egin / ez zen bere eskumenekoa».

Eskumena, berez, ondo definitutako zerbait da; edo badaukazu, edo ez daukazu. Ordea, noski, gauza bat da eskumena bera, eta beste bat daukazun edo ez daukazun eskumenaren gainean eraiki duzun diskurtsoa. Are gehiago, gainera, diskurtso hori bringatu egin badute gertu samar dituzun solaskideek: Fiskaltzak ikertu egingo ditu Juan Kruz Mendizabalen aurkako salaketak, eta hori ez dator guztiz bat (guztiz kontra doala ez esatearren) Iñigo Urkulluk «prozesua» Elizaren ardurapekoa soilik dela esatearekin. Eta, Josu Erkorekaren «hemendik kanpora gertatutako egitateen» aurrean Jaurlaritzak ardurarik ez duela esatearekin ere ez dator bat (guztiz kontra doa, dena esan behar bada) bere alderdikide Eneko Goiak Sara Majarenas gerturatzeko egindako eskaera.

Gertatu dena larria da, eta mina ematen du herritarron ordezkariek ezkutu gisa teknifikazio kronikoa erabiltzea. Erkoreka eta Urkullu, jaunok, «salatu» edo «exijitu» lakoak gehiegitxo bazaizkizue, «elkartasun», «laguntza» ere hor dituzue. Baina egin zerbait, esan zerbait, babes itzazue zuen herrikideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.