Maider Galardi

Eskubideak loterian

2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Astearte buruzuri bateko goiz buruzuri bat da, eta pozik irten naiz etxetik antzokira bidean. Lagunekin geratu naiz hamargutxiagotan, aretora sartu aurreko zigarroa erretzeko. Zerbait berria ikustera goaz eta urduri gaude. Hala dago ilara egiten ari den jende guztia ere. Sold out. Leporaino dago beteta eta goiko harmailara igoarazi gaituzte. Aretoan 500 pertsona kabitzen dira, baina, berez, 1.300 pertsona gaude izena emanda, erabateko arrakasta. Argitu dute oholtza. Hasi da funtzioa. Hor daude pertsonaia nagusiak: eraikuntza enpresako ordezkariak, alkatea eta notarioa. Atrezzoa soila da: mantel batez estalitako mahai bat eta todoacienean erositako bingorako loteria-ontzia. Sinopsia: Babes Ofizialeko 60 etxe zozkatuko dituzte. Gezurra: horiek erosteko aukera da jokoan dagoena, berez.

Pentsa dezakezuen moduan, astearte buruzuri bateko goiz buruzuri batean lanetik irten eta halako toki batean egotea esfortzua izan da hara joan garenontzat. Jar zezaketen aukera streaming bidez ikusteko, grabatu zezaketen sikiera gero bideoa ikusi eta mesfidantzarik ez sortzeko... Baina zertarako izan errespetua etxe bat behar duten 1.300 laguni?

Tragikomedia bat izan da. Barrez lehertzekoa, egoeraren latza kontuan hartuko ez bagenu. Loteria-ontzian ez zeuden zenbaki denak, eta batzuk besteagatik aldatu behar izan dituzte. Ontzitik erortzen ziren bolatxoak, notarioa hasi da mahai azpian horien bila lau hankatan. Espontaneo batek eskua altxatu du: «Euskaraz bai?». Esan du probabilitate akatsak dituela zozketa sistemak eta birpentsatzeko mesedez. Mahaikoen isiltasuna ebakitzen du ikusleen zurrumurruak. Aldatu dute prozedura, egia esan berme askorik gabe, eta atera dute azkenean zenbaki sariduna. «Honek eta hurrengo 59ek dute etxebizitza», esan dute arduradunek. Hasi da matxinada: «Etxeak zozkatzen ari zarete urdaiazpikoak direlakoan», esan du batek, eta oholtzara hurbiltzen hasi da jende andana. Gu bagoaz, lanera itzuli behar dugu eta. Eskailerak jaisten alboko bati entzun diogu: «Ala ba, auzoan segituko dugu». Elkarri begiratu diogu lagunok, guri ere ez zaigu eskubiderik tokatu loterian, eta mahaian zeudenen irri inozoak buruan itzuli gara gure etxeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.