Iñigo Aranbarri.

Eskuak poltsikoan

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Aurreikusten zen bezala, Cillian Murphyri eman diote aurtengo aktore onenaren Oscar saria Oppenheimer filmean erakutsi duenagatik. Atoan atera da antzinako bideo txatal bat. Zinemako jendea ilaran, Harry Sussexko dukea banan-banan guztiak agurtzen. Eta hara hor, buruz buru, irlandar aktorea eta Erresuma Batuko erregearen semea. Bostekoa eman ondoan, poltsikora esku biak Murphyk, artean Harryrekin hizketan ari dela. 

Keinu bat, beste askok lez, itxura batean ikusten dena baino gehiago erakusten duena. Irlandako independentzia gerran ditu erroak. Populazioa estu hartu nahian, hainbat debeku atera zuen ingeles armadak, tartean, eskuak poltsikoetan sartuta ibiltzea: «horrela dabilen herritarra atxilotua izan daiteke, eta egoeraren arabera, gure soldaduek tirokatua izateko arriskuan dabil». Egun errespetu falta dela dioen berak susmagarria zinela ziotsun orain mende bete.

Bi esku poltsikoetan. Ezer gutxi eta, aldi berean, glosa bat historiaren liburu handian. Eta jostetan eta olgetan, egoera paraleloetara etorri naiz. Zer keinu luke euskaldunak Cillian Murphyk erakutsi duena erakusteko? 

Ukabila gora Eusko gudariak abesteari ekin? Baldarregia gauden garaiotarako. Korrika egiteko oinetakoekin agertu? Harrapatzen zaila. Eta orduan bat-batean irudia, Josu Martinezen Bizkarsoro filmekoa. Eskolan euskaraz aritzeagatik zigortua, aita gerlan itsutuak hartuko du alabaren zotz iraingarria eta lepoan zintzilik duela agertuko guda zelaian erorien aldeko omenaldian.  Anti frantsesa, eraztun espainola, horra gure eskuak poltsikoan! Fina, dotorea, zorrotza, nahi duenak ikus beza. 

Alabaina, berehala ito nau zaputzak. Berandu ez ote nabilen Oscarra irabazteko… 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.