Iñigo Aranbarri.

Errotako ura

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Bibliatik aterea dirudi laugarren Euskaraldirako hautatu den metafora: errotariak izango gara. Enbaxadore, konplize, askotarikoak... «hizkuntzaren gaineko portaera sozial batzuk normalizatuta, arau bihurtzeko».

Izan nadin neu ere proaktiboa behingoz. Bai, hiztunak soilik salba lezake hiztuna. Itziar Idiazabal hizkuntzalariak herenegun: «Euskaraz hitz egiteak kontzientzia izatea eskatzen du». Bistan da, lorpen handia da lagun hurkoa erdaratik euskarara biltzea, baina duda dut ez ote den horretantxe hiltzen delako kontzientzia hori, zeren egia bada ere badela egunero ezusteko pozgarririk, ez da gezurra eramanezina egiten dela bestelako dinamika asko, tartean, txokokeria arau bihurturik, hizkuntza noranahikoa izan dadinezer egingo ez duen jendea. Jende ikasia izanagatik, kontzientzia izpirik ez duena etxekoaz gain besterik badela ikusteko eta ikasteko. Zertarako, Han Goikoak ukitua bada. Ahobizi bizian besteri eskatutako konpromisoaren laurdenik hartzeko prest ez dagoen euskalduna. Egin dezala bestek bidea, nik amaren bularrean egin nuen eta neurea.

Proaktiboagoa izan behar nuke eta sinetsi muda ditzakegula auzoaren ohiturak; areago, arian-arian alda ditzakegula epaileak, kontroletan bortxatzen gaituzten poliziak, administrari harroak, politikari glotozidak, irakasle ustelak… Errotariaren rolean beroturik nabilela, Ekaitz Santaziliak Mauleko ateburu bati egin argazkia heldu zait mugikorrera. Hourik gabe, bihirik ez liro eho, dio. Urik gabe, ezin jo alerik.

Ekarriko ahal digu Euskaraldiak ur xortarik errotarantz, badugu eta zer eho. Baina jatorkeria ere ari zaigula antapara agortzen, nabarmena dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.