Badira, aipatutako Arendten liburuan, kontundentzia handiz egindako baieztapenak. Gaizki hautatutako tonuarekin etsaiak egin nahi dituzunean erabiliko zenukeen tonuarekin dago idatzita. Adibidez, esaten du inperialismoaren zabaltzeak Estatu-nazioaren ideia esportatu zuela munduko azken txokoraino eta, inperio klasikoen amaierarekin, nazionalismoaren presioarekin, iraultzaren ideia zabaldu zela mundu osora.
Esaten du, baita ere, iraultza guztiek, nahiz eta Mendebaldearen kontrako erretorika bortitza izan, Mendebaldeko iraultzen ondarea segitzen dutela (Susan Buck-Morss-ek bestela esan zuen: SESBen porrota Ilustrazioaren porrota zela, alegia).
Zentzu horretan, kuriosoa da Arendtek dioena Bahia de Cochinoseko inbasio saiakeraren inguruan: kontra-iraultzaileek ez zuten irakurketa politiko kokatua egin, afera ez zen izan AEBetako zerbitzu sekretuek zuten informazioa okerra zela. Afera izan zen ez zutela ulertu nahi izan pobrezia eta ustelkeria muturrekotik zetorren herri batek, bat-batean, pobreziatik liberatzearekin batera «iluntasuna» atzean utzi zuela: miseria zer zen ulertu zuela. Desjabetuek jabetza ezagutu zuten («kaleak, eraikinak eta plazak») eta horrek atzera bueltarik gabeko puntu batean laga zituen. Eraldaketa sakon guztiek behar duten «krak!» hori gertatua zela horrezkero.
Baina, agian, Arendtek egiten duen iruzkin gogorrena da esaten duenean iraultza batek ere, baita baztertuenei ateak parez pare zabaltzen dizkietenek ere, ez dituztela «miserableek, lurrean kondenatutakoek» hasten. Eta iraultza bat ere ez dutela konspiratzaileek, elkarte sekretuek eta alderdi iraultzaileek hasi. Iraultza ez delako posible Estatuaren autoritatea ez badago krisian. Iraultzak ez direlako «beharrezko erantzunak», baizik eta «erregimen baten botere delegazioari erantzun posiblea». Estatuak ez dira krisian sartzen iraultzengatik: autoritate politikoaren galerak sortzen ditu iraultzak.

LARREPETIT
Errepublikaz II
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu